Legazpiko Hegialde auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan

Lehenengo ekintza bihar izango den arren, suziria etzi botako dute Maria Redondo abeslari legazpiarra bertan dela

OLYMPUS DIGITAL CAMERADoinua musika eskolako Konbo eta Big Bandak hasiera emango diete bihar, 19:30ean, Legazpiko Hegialde auzoko jaiei. Festak badatozela iragarriko dute musikariek eta, etzi, suziriaren eztandak –18:00etan– jaiei hasiera ofiziala emango die Maria Redondo abeslari gazte legazpiarra bertan dela.

Suziriaren ondoren Legazpiko erraldoi eta buruhandi konpartsa (LEK) ibiliko da auzoko kaleetan trikitilariak lagun dituela. 18:30ean txorizo pintxoa banatuko dute eta 19:00etan Amanecer Ranchera taldeak doinu mexikarrak ekarriko ditu Hegialdeko jaietara. 22:00etan afari herrikoia izango da eta gauerdian Carisma orkestraren dantzaldia. Larunbata ekintzaz beteta dator. 11:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak izango dira: ohe elastikoak, puzgarriak, rokodromoa tirolinarekin eta beste hainbat jolas aukeran egongo dira. Eguerdian Kenpo Kai erakustaldia egingo dute, eta 13:00etan Alaitasuna errondailak emanaldia eskainiko du. Ondoren, bazkaria egingo dute auzotarrek, paella-jana. Bazkalostean haurrentzako jolas-gunea berriro irekiko dute 17:00etaraino. Jarraian, Goiherri tabernaren inguruan goitibehera lasterketa izango da. Korosti dantza taldeak sustatuta, Alakanteko Grup de danses d’Agres taldearen emanaldia izango da, 18:00etan eta 20:00etan Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia antolatu dute. Zezen Suzkoa aterako dute 22:00etan, eta gero dantzaldiari segida emango dio Ilargi Beltza taldeak.

Igandean, 10:30ean meza egingo dute Domingo Agirre ikastetxeko jangelan. Eguerdian adin guztietarako entzierroa antolatu dute eta, arratsaldean, 18:00etan, herri-kirol erakustaldia. 19:30ean txaranga aterako da kaleetara eta gauerdian jaiak aurtengoagatik agurtzeko azken traka botako dute. Hegialdeko jaiak galtzeko zorian egon ondoren, auzotar talde batek berreskuratu ditu eta festak indartsu datoz aurtengoan.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend