Mende laurdena bete du Ataungo Joxemiel Barandiaran-Murkondo Kultur Elkarteak. Antropologoaren bilketa lanari jarraipena emateko sortu zuten, 1993an. Erakusketa batean bildu dute emaitzaren zati bat.
Pilar Barandiaran omendu eta ohorezko bazkide egin zuen Murkondo elkarteak, 2006an. // Arkaitz Apalategi
Zorioneko herria da Ataun, ikerketa memoristiko, antropologiko, etnografiko eta historikoei dagokienez. Aitzindari, ikertzaile eta kultura langile apartak bat baino gehiago izan ditu eta ditu, eta gaur egun elkarte ugarik jarraitzen dute material bilketa, azterketa eta gordailu izatearen funtzioa betetzen. Iraganaren kezka mantentzen, nolabait. Elkarte horietako bat Joxemiel Barandiaran-Murkondo Kultur Elkartea da, eta 25 urte bete ditu.
Aste honetan,
25 urte bidean arakatzen erakusketa edukiko dute San Gregorioko Elkargunean. Sorrerako agiriak eta urteotako jardueraren lagin bat da. Astelehenera arte, 19:00etatik 20:30era arte bisitatu ahalko da. Bihar, 19:30ean, Murkondo elkartearen historiaz eta helburuez hitzaldia egingo dute.
«Gure helburua informazioa eta dokumentazioa jasotzen jarraitzea da. Barandiaranek zuen kezkarekin segitzen dugu, eta materiala biltzen aritu gara 25 urteotan. Horren erakusgarri bat ere badago erakusketan», azaldu du Murkondo elkarteko Ramon Artza
Lute-k.
Hain zuzen, Joxe Migel Barandiaran izan zuten inspirazio Murkondo sortzeko. «Barandiaran ezagutzeko aukera izan nuen, eta tarteetan egoten ginenean esaten zuen bere lanak eta ondare guztia fundazioaren esku utzi zuela, baina herrian herriko gaiak jasotzea zela bere kezka. Bere lanaren eta bilketekin jarraituko zuen herriko jendea nahi zuen, nahiz eta bere ikasle izandako Joxemartin Apalategi horretan zebilen», gogoratu du Artzak.
Bildu, mantendu eta azaldu
Kartel eta afixa zaharren erakusketa // A. Maiz
Barandiaranen
agindu hura ulertu zuen jende talde batek, eta garai hartan Ataunen burutzen ziren auzo batzarretan gaia behin eta berriro landu ondoren, «kostata» baina ondu zen Murkondo elkartearen egitasmoa.
Bazkideekin funtzionatu zuen hasieran elkarteak, eta «kuota sinboliko bat» jartzen zuten. Joxemielen iloba eta zaintzaile Pilar Barandiaran ohorezko bazkide egin zuten, esate baterako. 2008an hil zen, baina bi urte lehenago omenaldia egin zioten.
Gaur egun, bazkidetzarik ez dauka Murkondo elkarteak, eta boluntario talde batek mantentzten ditu urteroko ekitaldiak. «Urte batzuk motel antzean egon gara, baina beti hor jardun gara». Lehen urteko argazki erakusketa arrakastatsua —hiru auzoetan jarri zen eta jende asko joan zen ikustera—, edo urte bukaerako kulturaldia ziren Murkondoren ekarpenetako beste batzuk.
Elkarlanaren bidetik
Guztiaren gainetik, ordea, agiriak, irudiak, kartelak eta Ataunekin zerikusia duen edozer biltzeaz arduratu da. Eta jendea horretara kontzientziatzeaz. «Jaso egin behar da. Dokumentazio asko galdu egiten da, ez bada jasotzen. Jendeari dei hori egiten diogu: zuek gorde etxean dituzuenak, edo bestela gu ahaleginduko gara. Material asko dugu».
Azken urteotan, ugari eta emankor landu den beste arlo bat herriko elkarte askoren arteko elkarlana izan da: liburu eta disko azokarekin, emakumeen arloa Biboletekin, oroimen historikoaren zikloarekin, kartel erakusketa Ataunikerrekin…