«Filosofia gizartean berpizten ari da eta irakaskuntzan murrizten»

Pello Biainek (Zumarraga, 1962) Kafe Filosofikoa egitasmoa antolatzen du hausnarketa eta eztabaida sustatzeko. Saioak ostiraletan dira, 18:00etan, Zelai Arizti kultur etxean.

Zer ikasi zenuen?

Filosofia eta Hezkuntza Zientziak ikasi nuen. Bigarren urtean filosofia hutsa, psikologia edo pedagogia hautatu behar nuen eta filosofia aukeratu nuen.

Irakaslea zara.

Filosofiak, hasieran, jakintza guztiak biltzen zituen. Poliki-poliki jakintza hauek filosofiatik askatzen joan dira. Filosofia oso lotuta dago hezkuntzarekin. Edozein gairen inguruan gogoeta egitearekin. Gainera, filosofia ikasi ondoren, bi aukera daude: filosofo ospetsu bihurtu eta liburuak idaztetik bizi edo irakaskuntza. Dena den, nahiko garbi nuen irakaskuntzan lan egin nahi nuela. Nire zalantza ume txikiekin egon nahi nuen ala ez zen. Garai hartan nahiago izan nuen nerabeekin lan egin. 6-12 urteko haurrentzako filosofia saioak egin izan ditut, baina errazagoa egiten zait 14-18 urtekoekin lan egitea.

Haurrak gai sakonei buruz hausnartzeko gai al dira?

Prestatuta daude, baina saioak beraien ulermen mailara egokitu behar dira. Dena den, harrigarria da zein prestatuta dauden. Beti erantzuten dute, baina beste leku batetik. Bideratzen badituzu, heriotzaz, bakardadeaz, bizitzaren zentzuaz… hitz egiteko gai dira. Gainera, ez dute nerabeek duten beldurra: «Esango dudana zuzena izango ote da?», «Besteek zer pentsatuko ote dute esango dudanaz?»… Nerabeak baino espontaneoagoak dira.

Adin guztiak dira egokiak, beraz, filosofatzen hasteko.

Hala da. Hori da, hain zuzen ere, azken urteetan modan dagoen filosofia praktikoaren helburua: filosofia hausnartzea ere badela ikusi araztea, ez bakarrik filosofo handien hausnarketak ikastea.

Gizakia hausnartzeko egina dago.

Guretzat hausnartzea txorientzat hegan egitea bezala da. Ezin da imajinatu hegan egin nahi ez duen txori bat. Gizakiok pentsatu beharra dugu. Filosofiak modu ordenatuan eta sistematikoan pentsatzen irakasten digu. Edozein modutan pentsatzea ez da filosofia.

Gehiegi pentsatzea ez al da arriskutsua?

Gehiegi pentsatzea ez da txarra, baina metodo on bat jarraituz pentsatu behar da. Bestela, pentsamenduak arrapaladan etor daitezke, modu desordenatuan, eta hori ez da ona. Pentsatzea ez da arropa garbigailuan bezala ibiltzea. Filosofiak pentsamenduak ondo bideratzeko erremintak ematen dizkigu. Prozesuarekin gustura gelditzen bazara, nahiz eta inora ez iritsi, bada zerbait. Socrates inoiz ez zen egira iristen. Prozesua zen garrantzitsuena: pentsamenduak ordenatzea, logikaren bidez formulatzea eta hizkuntzaren bidez ondo adieraztea. Horretaz gain, egia aurkitzen baduzu… zorionekoa zu!

Filosofia ikasleek bi bide dituztela aipatu duzu: filosofo famatua edo irakaslea izatea. Egun ba al dago filosofo ospetsurik?

XIX. eta XX. mendeetan mundua eta izatea zerbait ordenatua zirela pentsatzeari utzi zioten. Ideia hori kolokan jarri zen, erlijioa gainbeheran hasi zen… Marx, Nietzsche, Freud, Darwin… azaldu ziren. Ordura arteko ziurtasun guztiak zalantzan jarri zituzten eta filosofiak ugaldu ziren. Korronte asko azaldu ziren. Ziurtasun objektiboak desagertzearekin batera, subjektibitatea azaldu zen: bakoitzak bere egiak ditu. Estrukturalismoa, pertsonalismoa… azaldu ziren: -ismo asko. Hori dela eta, gaiak sakabanatu egiten dira eta jada ez daude nabarmentzen diren filosofo gutxi batzuk. Hizkuntzaren, adimenaren, gizartearen… filosofia azaltzen dira. Aristoteles, Platon, Descartesen… garaian, filosofo gutxiago zeuden eta munduaren interpretazioak gutxiago ziren.

Gizarteak merezi duen garrantzia ematen al dio filosofiari?

Filosofia berpizten ari da: umeentzako filosofia, kafe filosofikoak, aholkularitza filosofikoa… Teknologiaren eta sare sozialen eraginez oso azkar bizi gara eta gogoeta egitea beharrezkoa dela konturatu gara. Filosofia, egiten dugunaren inguruan hausnartzea da, hain zuzen ere. Gauzak zalantzan jartzen dituzunean, filosofatzen hasten zara. Paradoxa bat dago: gizartean berpizten ari den heinean, irakaskuntzan murrizten ari da.

Urte asko daramatzazu jada irakaskuntzan. Asko aldatu al dira gazteak?

Zaila da beraiek aldatu diren edo ni aldatu naizen asmatzea. Nire ustez, gazteak ez dira gehiegi aldatu. Beraien adinean egin beharreko gauzak egiten dituzte. Beste gizarte batean bizi dira, umetatik demokrazia eta Internet ezagutu dituzte… baina gure garaiko gazteen oso antzekoak dira. Gainera, beraiek beti 16 urte dituzte eta nik beti urte bat gehiago. Noiz ez da egon errespetu falta gazteen artean? Lehen denak txintxoak al ziren? Gu helduak egiten garen heinean, gazteak gu bezalakoak izan behar direla pentsatzen dugu. Duela 100 urteko gazteak ez al ziren mozkortzen? Moduak aldatzen dira, baina azpian dagoena ez.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend