Agirre-Etxeberrin sei hilabete bete dituzte Doinuako musikariek
Aitor Madina Doinua musika eskolako zuzendariak «alde handia» nabaritu dutela dio. Kexarik ez, eta Legazpiko herriari esker ona agertu nahi izan dio zuzendariakSei hilabete egin ditu jada Doinua musika eskolak Agirre-Etxeberriko egoitza berrian. «Gu...
Aitor Madina Doinua musika eskolako zuzendariak «alde handia» nabaritu dutela dio. Kexarik ez, eta Legazpiko herriari esker ona agertu nahi izan dio zuzendariak
Sei hilabete egin ditu jada Doinua musika eskolak Agirre-Etxeberriko egoitza berrian. «Guk aldaketa handia nabaritu dugu», dio Aitor Madina eskolako zuzendariak. «Hasteko, espazioari dagokionez, lehen egoitza ezberdinetan sakabanatuta geunden. Orain, denak egoitza berean egoteak elkarbizitza sustatzen du, baita koordinazio lanak erraztu ere». Beste abantaila nabarmen bat ere ikusi diote, «musikan jarduteko baldintzak askoz hobeak dira hemen, lehengoak oso eskasak ziren».Agirre-Etxeberri musikarako prestatu zuen Legazpiko Udalak eta gela bakoitza insonorizatuta dago. «Nor bere gelan dago musika egiten eta kanpoan halako bake giroa dago. Alegia, musika ez da zarata bihurtzen», jarraitu du Madinak.
Doinuan egunero-egunero lanean ari den komunitatea «oso eskertuta» dagoela esan du Madinak, «irakasleok eta ikasleok oso bestelako baldintzak ditugu orain lanerako». Esker ona Legazpiko Udalari zuzendu dio zuzendariak, baina, batez ere, Legazpiko herriari, «herrian daukagun etxe honi halako erabilpen bat eman nahi izanak sentsibilitate berezia dagoela erakutsi du». Izan ere, Agirre-Etxeberri musika gune bihurtzeko hautua legazpiarrek egin zuten parte hartze prozesu baten harira.
«Guretzat egoitza berriak ez dauka baina-rik. Egunerokoan aurkitzen ditugu akats batzuk, eta udalak konpontzen ditu. Eraikinaren birmoldatze prozesua ez dago erabat amaituta. Hor dago, esate baterako, garajearen espazioa, zeina behar den bezala egokitzea falta den erabilpen egoki bat eman ahal izateko». Edozein kasutan, Madinak erantsi du, «ez daukagu kexatzeko aitzakiarik, esker ona baino ez dugu». Hori guztia, gaur-gaurkoz musika eskolan ari diren 400 ikasle ingururen eta 18 irakasleren izenean esan du.
Taberna noiz irekiko irrikitan daude eta irailean zabalduko dutela espero dute, «behin jakinda egongo dela, une zehatz batzuetan haren falta sumatzen hasiak gara».