Ibilgailu Elektrikoen txapelketan hiru sari lortu ditu Goierri Eskolak

Lanbide Heziketako zentroei zuzendutako Euskelec-Ibilgailu Elektrikoen Txapelketan hiru sari eraman dituzte Ordiziako Goierri Eskolako ikasleek. Burutu beharreko erronka, kotxe elektriko bat fabrikatzea zen. Goierri Eskolako taldekoek, egindako prototipoari esker, Berrikuntzaren AIC saria, Irizar e-Mobility diseinu saria eta lehen fasearen saria jaso dituzte. Txapelketa, Gasteizko Mendizabalako zabalgunean izan zen pasa den larunbatean. Lanbide Heziketako 11 zentrotako 140 ikaslek parte hartu dute.

«Erronka konplexua»

Epaimahaiak baloratu beharrekoak, azelerazioa, gehienezko balazta eta slaloma izan ziren, ikasleen talentuaz gain. «Erronka konplexua izan da. Ezerezetik kotxe elektriko bat eraikitzeak, hasieratik amaiera arteko prozesua kontrolatzea eskatzen du, diseinua, fabrikazioa eta muntaia, proiektuaren bideragarritasuna eta exekuzio epeak ahaztu gabe. Baina emaitzak merezi du ahalegina», adierazi du Iker Etxezarreta irakasleak.

Proiektuan, zazpi formakuntza ziklotako hamar ikaslek parte hartu dute. Besteak beste, Administrazioa eta Finantzetakoak, Diseinu eta Fabrikazio Mekanikokoak, Mekatronikakoak eta Eraikuntza Metalikokoak. Saria, AIC Campus murgiltze programan parte hartzeko bekak eta Irizarrek Adunan eraikitako lantegi berrira bisita dira.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend