Kilometroak 2018ko ibilbideak 5,9 kilometro eta lau gune izango ditu
Ostiralean aurkeztu zuten, Kilometroak Txikiaren eta ikasturte amaierako afariaren ondoren. Hurrengo ekitaldiak Zumarragako jaietan izango dira, hilaren 30eanUrretxu-Zumarraga ikastolak urriaren 7an ospatuko den Kilometroak jaiaren zirkuitua ezagutzera...
Ostiralean aurkeztu zuten, Kilometroak Txikiaren eta ikasturte amaierako afariaren ondoren. Hurrengo ekitaldiak Zumarragako jaietan izango dira, hilaren 30ean
Urretxu-Zumarraga ikastolak urriaren 7an ospatuko den Kilometroak jaiaren zirkuitua ezagutzera eman du. Ibilbideak 5,9 kilometro eta lau gune izango ditu: ikastola, Zumarragako plaza-Lizeoa, Etxaburu eta Santa Barbara. Desnibela 200 metrokoa izango da.Lehenengo gunea ikastolan (Pagoeta auzoa) egongo da. Gune nagusia izango da, bertan egingo baitira irekiera ekitaldia, omenaldia eta lekuko ematea. Haurrei eta beraien gurasoei zuzendutako gunea izango da.
Urriaren 7an Urretxu eta Zumarragan elkartzen direnak, ikastolatik Euskadi plazara joango dira, Secundino Esnaola eta Legazpi kaleetatik. Bigarren guneak Zumarragako eta Urretxuko bi leku hartuko ditu: Euskadi plaza eta lizeoa. Bi gune hauek Klara Larrañaga parkearen ondoko zubiak batuko ditu. Gogoan izan aurtengo festaren leloa Zubiak batuz dela.
Bigarren guneak azpigune bat izango du: Zumarragako Zelai Arizti parkea. Euskal kultura eta aniztasuna ardatz hartuta, adin guztietako jendearentzako eskaintza egongo da gune zabal honetan.
Lizeotik gora, Labeaga kalera joango dira. Kiroldegi aurretik pasa ondoren, Santa Barbarako bidea hartuko dute. Aldapan gora hasi baino lehen, bi topagune izango dituzte Kilometroak jaiaz gozatzera datozenek: Aldiri kiroldegian 1.000 lagunentzako bazkaria eskainiko da eta Nekolaldeko aparkalekuan artisau azoka egongo da.
Hirugarren gunea Etxaburun egongo da. Bertan, gazteentzako kontzertuak egongo dira. Gora jarraituz, Santa Barbarara helduko dira: laugarren gunera. Hemengo eskaintza ere gazteei zuzenduta egongo da bereziki. Bertatik, ikastolara itzuliko dira.
Kilometroak Txikia
Ibilbidea ostiral gauean aurkeztu zuten, Kilometroak Txikiaren eta ikasturte amaierako afariaren ondoren. Kilometroak Txikiaren helburua festa txikienei gerturatzea da. Hori dela eta, protagonista nagusiak izan ziren eta beraientzako ekitaldi asko egon ziren.
Festa ikastolan hasi zen. Ikasleek eman zieten ongi etorria bertaratu zirenei. Ondoren, Kilometroak egunean bezala, omenaldia egin zen: ikastolako mendi taldea omendu zuten. 1982ko urriaren 3an egin zuen mendi taldeak lehen irteera, Irimora. Ordutik, ikasleek Euskal Herriko makina bat tontor eta bazter ezagutu dituzte mendi taldeari esker.
Omenaldiaren ondoren, zirkuitua ireki eta bideari ekin zioten. Zinta Julian Arinek (mendi taldearen sortzaileetako bat) eta bere biloba Libek moztu zuten.
Adin guztietako haurrentzako jolas eta tailerrak egon ziren. Musikak ere izan zuen tartea egitarauan: Lizeoko Batuz batukadaren erritmo biziak kaleak alaitu zituen eta ikastolako abesbatzak kontzertua eskaini zuen.
Festari amaiera borobila emateko, ikasturte amaierako afaria egin zuten. Zirkuitua aurkeztu ondoren, dantzaldia egon zen, Zunbalain musika taldearen eskutik.
Makina bat ekitaldi
Urriaren 7a gero eta gertuago dago eta dagoeneko makina bat ekitaldi antolatu dituzte giroa sortzeko: azaroan leloa, lema eta arropa aurkeztu zituzten, Gabonetan kontzertua egin zuten, otsailean herri lasterketa egon zen, martxoan Nazio Topaketa, apirilean Kilometroak Bidea erakusketa eta abestiaren eta bideokliparen aurkezpena, maiatzean bertso jaialdia, mendi irteera eta Eñaut Elorrietaren kontzertua eta ekainean ikuskizuna Donostiako Kursaalen.
Hurrengo ekitaldiak Zumarragako festetan izango dira: ekainaren 30ean, Areizaga-Kalebarren plazan, bi kultur ekitaldi egongo dira. Bera Beraren eta Realaren partidak antolatzeko asmoa ere badute. Bukatzeko, irailean Iker Galartzaren Gure Zirkua ekarriko dute, Ziklometroak egingo dute eta Urretxuko jaietan karroza aterako dute.