Goierrik eta Tolosaldeak trantsizio energetikorako konpromisoa agertu dute
Euskal Energiaren Erakundeak Goierri eta Tolosaldeko udalen eta garapen agentzien konpromisoa aitortu du. Goierriko 23 udalek bat egin dute Energiaren Bidea proiektuaren helburuekinGoierriko eta Tolosaldeko erakunde publikoek «euskal trantsizio energe...
Euskal Energiaren Erakundeak Goierri eta Tolosaldeko udalen eta garapen agentzien konpromisoa aitortu du. Goierriko 23 udalek bat egin dute Energiaren Bidea proiektuaren helburuekin
Goierriko eta Tolosaldeko erakunde publikoek «euskal trantsizio energetikoa» bultzatzeko konpromisoa azaldu dute, Tolosan egindako ekitaldian. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatu du egitasmoa, eta Goierriko 23 udalek eta Goieki eta Uggasa garapen agentziek bat egin dute 2030. urterako jarritako energia helburuekin. EEEk esker ona agertu die udalei, eta hartutako konpromisoa aitortzen duen ziurtagiria eman die.Tolosaldeko Usabal kiroldegian elkartu ziren atzo. Izan ere, kiroldegi hori trantsizio energetikoaren adibidetzat jarri zuen Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak. «Energia kudeaketa eraginkorrean erreferentzia da, beste eraikin publiko batzuetan energia berriztagarriak eta efizientziazkoak ezarri nahi dituzten beste udalerrientzat». Kiroldegiak duen kogenerazio instalazioa ezagutu zuten bertan bildutako ordezkari publikoek. Sistema horren bidez, energia elektrikoa eta energia termiko erabilgarria lortzen dira aldi berean.
Tolosako agerraldian aipatutako trantsizio energetikoa, 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak lortzeko egin beharreko bidea da. Hain zuzen ere, EEEk Energiaren Bidea izeneko identifikazio marka sortu du. Marka horrek, «trantsizio energetikoa garatzen laguntzen duten ekimen guztiak» bilduko ditu. Europa mailan «karbonizazio baxuko eredu energetiko» baten alde egiten ari diren programekin bat dator egitasmo hori.
Helburu horiek betetzeko, «erakunde publikoen papera ezinbestekoa» da EEErentzat. Horregatik sortu dute Energiaren Bidea: Euskal Energia Trantsizioa Udalean ere izeneko ziurtagiria. Goieki, Uggasa eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziek Euskadiko Energia Estrategian «proposatzen diren helburuak betetzeko energia planak eta proiektuak» garatu dituztela azaldu du Ansolak, eta agentzia horien «inplikazioa» eskertu du, Energiaren Bidea ziurtagiria ematearekin batera.
Goierriri dagokionean, Goieki eta Uggasa garapen agentziek eta eskualdeko 23 udalerriek eman diote babesa egitasmoari. Herri horietan, argiteria publikoa berritu eta energia berriztagarrien aldeko pausuak eman dituzte. Beasainen, Lazkaon, Ordizian, Urretxun eta Zumarragan, udal eraikinetan ere egin dituzte berrikuntzak ; eta Legazpin, ibilgailu elektrikoak erosi eta eguzki panelak jarri dituzte. Tolosako ekitaldian, Felix Urkola Lazkaoko alkatea eta Goiekiko presidentea, Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea, Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkatea, eta Jose Mari Zumarraga Ezkioko zinegotzia izan ziren eskualdeko ordezkaritza osatu zutenak.
EEEren laguntza plana
Energiaren Euskal Erakundeak 2030erako jarritako helburuak betetzen laguntzeko laguntza programa du, 8 milioi euroko aurrekontua duena. Horietatik 800.000 euro, Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia aurrezpena eta energia berrizkagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen ditu. 2018an lagunduko dituzten egitasmoen artean, udal eraikinen argiztapenen energia efizientziarako ekintzak daude, batez ere. Baita eraikin horien kogenerazio eta ikuskapen energetikoen instalazio proiektuak ere.