Olaberrian hiru egun festarako
Haurren egunarekin, bihar hasiko dira San Joan jaiak, igandera arte. Umeen krosa eta zinta karrera berreskuratu dituzte. La Mala Pekora musika taldeak joko du zapatuan
Tximeleta, La Mala Pekora Musikari dagokionez, bi gautan izango da erromeria edo kontzertua. Ostiralean Tximeleta talde gipuzkoarrak joko du. Plaza taldea da, baina Mugitu diskoa ere badute kalean (Elkar, 2014), eurek sortutako hamar abestirekin. Sei musikarik osatua, Maider Ansa da kantaria. Biharko erromeria plazan egingo da, gainera. Kokagune aldaketa hori ere berria da Olaberrian. Tximeleta abuztuaren 24an Zegaman ariko da. Larunbat gaua, La Mala Pekora talde txantrearrak girotuko du. Ia-ia genero musikal propio bihurtu den napar-mexa jotzen dute: korridoak, mariatxiak eta mexikar erako aireak. Yo me voy con cualquiera diskoko (2016) abestiekin aurkeztuko dira. Herri kirolak bukatzeko Olaberriko adin askotako herritarrek osatutako bi taldek, eta lau kirolari profesionalek herri-kirol erakustaldia egingo dute, igandean. Ume, gazte eta heldu nahasian, proba ezberdinak egingo dituzte olaberritarrek. Aizkoran Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza ariko dira; harri jasotzen, Joseba Ostolaza eta Idoia Etxeberria.San Joan bezperan loreak bedeinkatzeko ohitura bizirik
San Joan bezperako ohitura nagusia sua piztea izaten da herririk gehienetan. Baina badira herri batzuk bestelako ohiturak ere mantentzen dituztenak. Olaberrian, suaz gain, makala altxatzeko eta loreak bedeinkatzeko ohiturei eusten diete oraindik. Tradizioaren arabera, apaiza bera ere joaten zen baserriz baserri, soroak bedeinkatzera. Hori galdu bada ere, herritarrak oraindik joaten dira elizara, loreak nahiz barazkiak bedeinkatzera. Azken urteetan gaztetxoak izan dira ohiturari gehien eutsi diotenak. Inguruko larreetan hazten diren loreak bildu eta sortak eramaten dituzte San Joan bezperan. Behin bedeinkatuta, etxean gordetzen dira urtean zehar. Uztak zaintzen zituztela uste zen lehen, eta igartutako loreak sutara botatzen ziren. San Joan bezperan berpiztuko dute ohitura hori.