Ordiziako Mendi Maratoia jokatuko dute larunbatean
Taldeka osatu beharreko proba izango da Ordizian antolatu dutena. 15 taldetan banatuta, 90 pertsonek eman dute izena. Larraitzetik abiatuko eta San Migelera joan-etorria egingo dute
Mendi maratoien sukarra Ordiziara ere iritsi da. Etzi dute lehenengo aldiz, Ordiziako Mendi Maratoia. Beste proba batzuen ondoan, desberdintasunik ere izango du, izan ere, taldeka egin beharreko lasterketa izango baita. Aurten, Ordiziaren sorreraren 750. urteurrenagatik, ekintza ugariz bete dute herriko agenda. Ospakizun horren barruan dute baita ere Ordiziako 1.go Mendi Maratoia. Dena den, proba horren inguruan bada aipatu beharreko beste datu edo urteurren deigarri bat. Izan ere, 50 urte bete dira aurten, Juanito Rubiok eta Inazio Eskisabelek larunbateko maratoian burutu beharreko ibilbidea osatu zutela, apustu bat medio. Bi urteurrenak bat egin eta guztia prest du antolakuntzak. Probaren xehetasunak Mendi maratoia izanik, 40 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek. Larraitzeko baseliza ingurutik aterako dira, Alotza, Igaratza eta Guardetxe igarota, Aralarko San Migelera iritsi eta handik Larraitzera buelta egin beharko dute, bide beretik. Aipatutako puntu horietan hornidura postuak kokatuko dituzte. Maratoi erdia egiteko aukera ere egongo da, dena den. Kasu horretan, San Migelen amaituko dute proba. Autobus zerbitzua Proban parte hartuko dutenentzat autobus zerbitzua jarriko du antolakuntzak. Ordiziako Urdanetaren estatuaren ondotik abiatuko da Larraitz aldera, 07:00etan. Dortsalen banaketa 07:15etik 07:45era egingo dute. Lehen taldea 08:00etan abiatuko da eta 11:45ean aurreikusten da lehenengo taldearen helmugaratzea, Larraitzen. 15 bat taldek eman dute izena, 90 bat korrikalari izango dira guztira. Proba bukatuta, bazkaria antolatu dute Ordiziako Tximista sagardotegian. Sari banaketa, bazkal ostean egingo dute.