Goierriko pilotari harrobiaren finala bihar da, Lazkaon
Sei partida jokatuko dituzte. Zortzi herri eta 91 haur izan dira partaide, maiatzetik
Eskola-umeen arteko Goierriko pilota lehiaketa bihar bukatuko da. Lazkaoko plazako pilotalekuan jokatuko dituzte IX. Udaberri txapelketaren finalak, adinka, 17:00etatik aurrera.
Guztira, sei partida izango dira. Lehendabizi 3. eta 4. postuak ebazteko hiru neurketa jokatuko dituzte, eta ondoren hiru final. Benjamin mailan 1. eta 2. urtekoak, eta alebinen 1. urtekoak ariko dira.
Kontsolamenduko partidetan, honakoak lehiatuko dira: Oier Zabalo-Xabat Sarasa-Mikel Ezkerra (Segura), Iñaki Esnaola-Oier Altunaren (Lazkao) aurka; Aritz Mintegi-Eñaut Ibarguren-Xabat Aizpurua (Lazkao), Aimar Altuna-Markel Amoztegi (Lazkao); eta Lier Alustiza-Unax Doistua (Lazkao), Oier Sukia-Joanes Lasa (Lazkao).
Finalak, berriz, hauek jokatuko dituzte: Erik Munduate-Anartz Jaular (Lazkao), Iraitz Askarai-Unax Iturberen aurka (Lazkao); Oier Izagirre-Iñigo Alberdi (Ordizia), Jurgi Landa-Enaitz Landa (Zegama); eta Eneko Monreal-Unax Madina (Beasain), Iñaki Barandiaran-Manex Esnaola (Lazkao).
Maiatzaren 12an hasi zen txapelketa, 2007-2009 artean jaiotako 91 haurrek parte hartu dute, Ataun, Beasain, Lazkao, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia eta Zegamakoak. Harrezkero, 82 partida jokatu dituzte denera.