San Joan bezperarekin batera, sua piztuko dute bihar, Goierriko herri guztietan. Udako solstizioa ospatzeko festa gizakia bezain zaharra da
Aspaldiko urteetako negurik luze eta bustiena joan da, eta udan sartu gara dagoeneko. Hain zuzen ere, urtaro bat agurtu eta berriari ongietorria emateko errituetako bat da suarena. Askorentzat, txarrak erre, eta onak erakartzekoa. Eguzkiaren jai handia ere deitu izan diote askok, udako solstizioaren hasierarekin batera ospatzen delako. Jatorria dena delakoa izanda ere, Goierrin sendo eusten zaio tradizio horri. Eta bihar, San Joan bezperarekin bat eginez, herri guztietan piztuko dituzte suak. Gehienetan, jan-edanez, musikaz eta dantzaz lagunduta.
«Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena». Hala dio esaera zahar batek. Udako solstizioaren hasierako eguna baita eguzki ordu gehien dituena. Hortik aurrera ordea, mozten hasiko da, abenduan eguzki ordu gutxien dituen egunera iritsi arte. Teoria gehienek udako solstizioaren etorrerarekin lotzen dute suaren erritua. Joseba Aurkenerenak
Udako solstizioa Euskal Herrian artikuluan jasotzen duenaren arabera, «Europa osoan» ospatu izan da jai hori, eta bere jatorria, «Paleolito Aroan» kokatzen dela uste du. Izan ere, garai hartan hasi zen gizakia «ortzia edo unibertsoa ziklikoa» zela ulertzen, eta era berean, «urtearen banaketa» ezagutzen.
Naturaren aroak
Naturaren aldaketak ulertzen eta horiek ospatzeko jai eta erritoak antolatzen hasi zen gizakia. Eta horietako garrantzitsuenak «solstizio, ekinozio edota ilargiaren aldiekin lotutakoak» ziren. Neguko solstizioan Subilaro edo Olentzaro, inotea edo ihotea udaberriko ekinozioan, eta eguzkiaren jaia udako solstizioan. Horiek dira gaur egunera arte, modu batera edo bestera, mantendu diren jai nagusiak.
Naturarekin lotuta sortu ziren euskaldunen lehen dibinitateak; Inko, Egu, Mari, Ilargi eta Ortzi. Dibinitate horiek gurtzen zituzten, emankortasuna eta uzta oparoak eskatzeko. Udako solstizioan Eki edo eguzkiaren jainkoa goratzen zuten. Izan ere, solstizioaren hasieran jotzen du gaina eguzkiak. Eta hainbat adituren ustez, hortik letorkioke ekainari bere izena (eki+gaina).