Santa Isabel ingururako hutsik egin gabe, Ataungo Aia auzoan prestatu dituzte festak. Gaur hasiko dira. Bihar Anari abeslari
«Urtero jarri ohi ditugun ekitaldiak, ohiko egiturarekin. Eguna izendatzen diegu ekitaldi bakoitzari, eta horrela antolatzen ditugu Santa Isabel jaiak Aian», dio Maixa Goikoetxeak, Aiako Jai Batzordekoak. Erraza dirudi horrela esanda, baina lan eskerga du antolakuntzak, han ere.
Gaur hasiko dira festak, haurren egunarekin. Biharkoa gazteen jardunaldia izendatu dute, eta igandean jarraitu ondoren, astelehenean zaindariaren egunarekin bukatuko dira.
Talde bat aritu da prestaketa-lanetan, tartean gazteak. «Indartsu daude hemen gazteak», dio Goikoetxeak. Horren ispilu, jarri dituzten kontzertuak, gaur eta bihar gauerako: Patxuko Nice —iaz ere izan ziren— eta Ingo Al Deu lehenik; Anari, Fan&Go eta Ioar DJa, bigarren.
«Ahalegina egiten dugu jendea elkartzeko gune izan dadin. Garai batetik hona, festa guztiak bezalaxe, jaitsita daude; baina herriko jendea mugitzeko, eta bertako biltzeko balio dute».
Anari, berritasuna
Larunbat iluntzean kantatuko du Anari Alberdi azkoitiarrak Aian, lehen aldiz. Egitarauan garai horretarako «hutsunea» zeukatela, eta ederki hornitu dute; lasai eta gozo, Aia bera bezala.