Lan hitzarmenaren negoziazioa geraraztea gaitzetsi dute Arcelor Mittaleko langileek
Arcelor Mittal altzairutegiko langileen batzordeak mobilizazioen bigarren astea du, «lan hitzarmen duin baten alde». Lan ituna berritzeko negoziaketa mahaia 2017 bukaeran osatu zuten enpresak eta langileen ordezkariek, baina ekainera arte «benetako ...
Aurreko asteazkenean elkarretaratzea egin zuten langileek lantokiaren aurrean, Ihurre auzoan. Irailera arte mobilizazioekin jarraituko dute, astelehen, asteazken eta larunbatetan txanda bakoitzeko ordubeteko lanuztea eginez. Geldialdiek iraun bitartean, kontzentrazioak ere egingo dituzte, lantoki aurrean, N-1 autobiderantz.
Langileen enpresa batzordeak lau arlotan egin ditu eskari nagusiak: enplegua, soldata igoera, ordu jaitsiera eta inbertsioak. «Lehen bileretan, enpresak inbertsio planak aurkeztu zituen. Azken bileretan, ordea, zuzendaritzak ez du inolako pausorik eman langileen eskaeretara gerturatzeko eta akordioa lortzeko», dio batzordeak.
Lan baldintzen esparruan, 2013an zeuzkaten baldintzak berreskuratzea eta orain bost urteko lan ordu kopurura jaistea eskatu zuten langileek, «ezer negoziatu aurretik». Orduak gutxitzea onartu zieten, lan egutegiak «erabateko malgutasunarekin» diseinatzeko baldintzarekin. Soldatak 2018rako %0,5 igotzea eskaini die enpresak bestetik, 2019a eskaintzatik kanpo utzita.
Enpleguari dagokionez, 2018an errelebo kontratuak egiteko konpromisoa hartu du enpresak, baina enplegu postu gehiago sortzeari uko egin dio.
2013an aldaketak
Arcelor Mittaleko langileek 2013-2015 eperako bariabilitatea onartu zuten, soldatak %12 murriztuz eta lan orduak gehituz, krisiari aurre egiteko. 2016an negoziatu zuten berriro hitzarmena, soldatak lehengoratuz eta antzinatasunean bost urtekoak berreskuratuz.