Lehen italiar piperra, berenjena, andere mahats beltza eta kale aza hostoak izan dira, besteak beste azken azokako nobedadeen artean. Opor erritmoan jendea ohi baino beranduago dabil.
Udako giroa jende eta eguraldi aldetik; 21 gradu goizeko zazpiretan. Euri eta bero, hezetasun handiko egunak bizi ditugu baina ez bereziki barazkien kaltean. Aire libreko leka, esate baterako, erein orduko ernatu eta gora bizi-bizi abiatua du Mutiloko Juanita Murgiondok; aurretik negutegi barnean ereindakoak salgai ere bai momentu berean, 5 eta 6 euro artean kiloa, postu ezberdinetan.
Piper berriak
Piper aukera zabaltzen ari da astetik astera eta hemen ezagunenak direnak dagoeneko salgai dira. Atzotik italiar motakoa ere bai (4 euroan kiloa); lehendik zeuden ozpinetakoa (10-12 euroan), luze gozoa edo aturri, gernika eta morroa (6 euroan).
Denboraldiko lehen kale aza hostoak salgai ziren Arantxa Iparragirreren postuan. Azken bizpahiru urtetan hasi da aza mota hau ezagun bilakatzen. Ez zaio bururik egiten, hostoak banan-banan bildu eta sortaka saltzen da. Beraz, edozein aza baino denbora gutxiago behar du jateko prest izateko. Gorria eta berdea daude aukeran. Jateko hostoak (1,5 euroan sorta) ez ezik, landarea ere erosi daiteke neguko hotzari ere ondo egiten diolako aurre. Lehen berenjena edo alberjinia ere salgai zuen Iparragirrek postu berean.
Goierrin ez dugu entzun andere mahats edo grosella beltzaren erabilpenari buruzko berri handirik. Iparraldeko baratze askotan ikus daitekeen zuhaixka da eta horrekin likorea egin ohi dute; kaxisa esanez ezagutzen da. Arantxa Zurutuzaren postuan zegoen salgai, sanjoan sagar, india mahatsa, marrubi eta abarrekin. Berrien artean, perrexil heze edo apio adartxoak eta espezie moduan erabili ohi den aneta edo eneldo sortak, lore dotoreren artean salgai zituen: gladiolo eta dalia erromileta koloretsuak, postuari ikusgarritasuna emanez.
Mikologia sasoia aldatzen
Udaberriarekin batera joan dira udaberriko zizak. Aldiz, hemengo lehen gibelurdinak (28€/k) ikusi genituen, eta horiek hartu zuten prezioaren gailurra. On-ddo (14-20 €/k), zizahori (18€/k), saltsa perretxiko beltza (18€) eta gorringoaren (25€/k) balioaren gainetik jarriz.