‘Gaur ni, bihar zu’ berrituta

Gaintzako hilerria berritu du udalak. Margotu eta hobiak konpondu dituzte. Aurtengo egitasmo nagusietako bat da. 235.000 euroko aurrekontua du herriak

GAINTZAKO_HILERRIA_ETA_JOL

Gaintzako Udalak 235.277 euroko aurrekontua dauka, 2018. urteari aurre egiteko. Udalbatzak martxoaren 27ko batzarrean onartu zuen txostena. Urtero bezala, herriko mantentze lanak, lantaldea eta gastu arruntak izango dira dirutan gastu handiena eragingo dutenak. «Herriaren mantenimentua eta biziraupena dira helburu nagusiak, herri bezala aurrera jarraitzeko», azaldu dio egunkari honi Gaizka Olaetxea alkateak.

Urtearen erdia joan den honetan, aurreikusitako proiektu batzuk bukatuta dauzkate jada. Hilerria berritzearena, adibidez. Kanposantua margotu egin du udalak, hobi komunak txukundu, sarrerako elementu batzuk aldatu, eta ate-leihoak margotu. Martxoan hasi, eta maiatzaren bukaeran amaitu zituzten lanak.

Herri-bideen mantentzea da inbertsioetako beste atal garrantzitsu bat. «Aurten eurite handiak izan dira, eta lan asko dago bideetan». Luiziak eta hondamenak konpontzea izango da udalaren kontuetarako beste diru sail garrantzitsu bat.

Haur jolas parkea buruan

GAINTZAKO_HILERRIA_ETA_JOL-1Azkeneko urte batzuetan inbertsiorik jaso ez duen beste eremu bat umeen jolas parkea da. Berritu egin nahi du Gaintzako Udalak. Baina finantzatzeko diru laguntzen beharrean izango da, eta lortzen badira egin ahalko da bakarrik.

«Aspalditik pentsatzen ari ginen jolas parkearekin. Hasiera batean, dagoen bezala mantendu nahi dugu, eta horri heldu nahi diogu. Segurtasun arauetara eta lege berrietara egokitu beharko da, eta horien arabera egingo dira aldaketak», dio Olaetxea alkateak.

Herritarrentzat udal zerbitzu bat erabiltzeko bidean, aldaketa nabarmena egin du udalak, bestetik. Udaletxeko eraikina irekitzeko giltza elektronikoaren sistema jarri du. Udal bulegoen ordutegitik kanpora ere, gaintzarrek liburutegia eta beste zerbitzu orokorrak erabili ahalko dituzte. Giltza elektronikoa emango diete herritarrei, norberak erabil dezan. Sistema aurten jarri dute, baina 2017ko udal aurrekontuko inbertsioa izan da.

Kultura postuaz gustura

Gaintzako Udalak herriko kultura indartzeko eta herritarrentzat ekitaldiak sortzeko lanpostu bat izan du, sei hilabetean. Urtarriletik ekainera arte aritu da dinamizatzaile bat, aldi baterako. Esperientzia ondo baloratu dute.

«Herrian ahalik eta bizi gehien izatea nahi dugu. Dinamizatzaileak gauzak asko mugitu ditu, bizi asko eman zaio herriari». Baina laguntza publikoen bidez ateratako lanpostua zen, eta «tamalez» ezin izan dio udalak jarraipena eman. «Halako inbertsioa egiteko aukerarik ez dauka Gaintzako Udalak, nahiz eta beharrezko langile bat izan».

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend