Bihar hasiko da Frantziako Tourra eta Izagirre anaiak momentu onean doaz. Nibali taldeko liderrari laguntzea dute zeregin nagusia, baina ez dute saiakeraren bat egiteko aukera baztertzen
Ion eta Gorka Izagirre anaiak, erdian Ibai Jimenez taldeko masajista dutela. // Argazkia: Bahrain Merida
Gorputzaldi onarekin daude biak. Izagirre anaiek bihar ekingo diote Frantziako Tourrari, eta aurten ere, zer esana eman nahi dute. Garbi daukate biek ere Nibali dela Bahrain Merida taldeko liderra, eta hari laguntzera doaz. Baina ez dute baztertzen etaparen bat irabazteko saiakera egitea.
Ion Izagirrek iazko arantza kendu nahi du aurten. Eroriko batek lasterketatik kanpo utzi zuen iaz, aurreneko etapan. Lesioari buelta eman zion ordea, eta egoera fisiko onean dagoela erakutsi zuen Espainiako Txapelketan. Azken hilabeteetako lanari esker, sentsazio onak dituela dio. «Egin beharreko lana bete dudan sentsazioarekin nator, eta uste dut aurkitu dudala bilatzen nuen puntu hori». Helburu nagusia «Nibaliren ondoan egon eta hari laguntzea» izango dela dio, baina «aukeraren bat sortzen bada» aprobetxatzen saiatuko dela.
Gorka anaia ere oso momentu onean dator, Espainiako Txapelketa irabazi berritan. «Ondo prestatu dugu denboraldia, duela bi hilabete etenaldi bat egin genuen, Tourrari begira, eta hori Espainiako Txapelketan ere ikusi da». Berak ere gehiago begiratzen dio taldearen helburuei, pertsonalei baino. «Helburua Nibalirekin Tourra irabaztea da». Hala ere, «hiru astek askorako» ematen dutela dio, eta saiakeraren bat egiteko zirrikituak egon daitezkeela. Dena dela, «lasai eta egunez egun» joango direla azaldu du bi anaietan zaharrenak.
Ibilbideari begira
Noirmoutier-en-L’Île eta Fontenay-le-Comte artean 201 kilometroko etapa lauarekin hasiko da bihar Tourra. Benetako mendia 10. etapatik aurrera hasiko da, Alpeetan. Pirinioetara, berriz, 16. etapatik aurrera iritsiko dira. Azken aurreko etapa, erlojuaren kontrakoa, Euskal Herrian egingo dute aurten, Lapurdiko Senpere eta Ezpeleta herrien artean.