Ataunen hilaren 22ra arte ikus daiteke 'Honuntza eta Agauntza', Troskaetan. Izaro Erauskinen hamar marrazkiri hitzak jarriko dizkie hamar lagunek, etzi. Bastarrika eta Ekiza, saio banatan
Jurgi Ekiza musikari lapurtarra uztailaren 21ean izango da Ataunen.
Azkeneko bi asteetan sartua da Ataungo
Honuntza eta Agauntza artelan erakusketa. Agauntzako Urzozoak kolektiboak Troskaeta tabernaren goiko solairuan dauka jarria bilduma bat. Sei artistaren emana, Xanti Iruretagoiena zena oroitzeko eta omentzeko. Beste hiru ekitaldirekin handituko dute jarioa, bukaera indartsua emateko.
Erakusketan bere marrazkiak jarri dituen Izaro Erauskin ataundar gaztea izango da lehenengo ekitaldiko ardatza. Etzi, 19:30ean, erakustokian bertan, Erauskinek margotutako hamar marrazkiri hitzak jarriko dizkiete beste horrenbeste lagunek.
Aiora Erauskin, Maddi Noguera, Haritz Cid, Maitane Aizpurua, Ziortza Barandiaran, Joxe Begiristain, Aitzol Barandiaran, Martin Aramendi, Ainara Saez eta Aitor Aldasoro ariko dira
Hitzak marrazten zuzeneko irakurketa saio musikatuan.
Uztailaren 18an, Iñaki Bastarrikak marrazketa saioa egingo du. Trazatu jarraituko teknika erabiltzen du urretxuarrak, eta modu hori erakutsiko du, 19:00etan hasita.
Jurgi Ekizaren kantaldia
Honuntza eta Agauntza erakusketako kideetako bat da Bastarrika, Koldo Goitia, Koldo Cadierno, Gabriel Korta, Izaro Erauskin eta Koki Hernandezekin batera.
Erakusketa itxi bezperarako, uztailaren 21erako, Troskaeta tabernak Jurgi Ekizaren (Baiona, 1980) kantaldia antolatu du. 22:00etan hasiko da, erakusketa aretoan. Willis Drummond taldearen sortzailea eta gitarra jotzailea da, besteak beste. Bakarlari ere ari da, 2015etik.