Zaldibiako Goiko Kaleko Txamarretxe auzoko festa egingo dute larunbatean. Apirilean Arrese jatetxea itxi eta gero, jai batzordekoek hartu dute aurten afaria prestatzeko ardura. G2H proba dela eta, taberna irekiko dute etzi
Aurten ez da berdina izango. Horrek ez du esan nahi hobea edo okerragoa izango denik, baina Arrese taberna-jatetxearen itxieraren hutsunea apirilaren 29an izan zen agur festa sumatuko da aurten Txamarretxe auzoko festan. Afarirako txartelak saltzeaz, afaria jartzeaz eta afaria zerbitzatzeaz arduratu dira Arresenekoak urteetan, baina aurten ez da hala izango. Afarirako txartelak plazako tabernetan egon dira salgai atzo ziren jasotzekoak, eta jai batzordekoak arduratuko dira afaria jartzeaz: entsalada, bakalaioa edo masailak, postrea eta ondorengoak. Oraindik txartela hartu ez duenak, jai batzordekoekin jarri beharko du harremanetan.
Taberna bi egunetan
Gainontzean ohiko egitaraua izango du Txamarretxeko festak. Iztueta dantza taldeko txikiak plazatik irtengo dira kalejiran (18:30), eta Txamarretxeko plazan egingo dute dantza, Kapaindegi aurrean Juan Inazio Iztuetaren jaiotetxea. Toka txapelketa hasiko da gero (19:15), eta urteroko usadioari jarraituz, ardoa eta gazta banatuko dute; Iñaki Larrartek sagardoa jarriko du. Afalaurrea eta ondorena girotzen, Aitor Sarriegi eta Unai Mendizabal bertsolariak, eta Agurtzane eta Jon Elustondo anaia-arreba trikitilariak ariko dira. Afaria Arresene aurrean jarriko duten karpan izango da.
Karpan bertan tabernatxo bat ere jarriko dute jai batzordekoek, eta ostiralean eta larunbatean emango dute zerbitzua. Ostiral arratsaldean zabalduko dute, eta Goierriko Bi Handiak probako lasterketariak pasatu bitartean egongo da zabalik. Edariaz gain, pintxoak ere jarriko dituzte. Herritarrei Goiko Kalera igotzeko deia egin diete antolatzaileek.
Festa 1984an lehen aldiz
Urteren batean egin gabe gelditu bazen ere, 30 urtetik gora dira auzotarrak festa antolatzen hasi zirela. Zamarra-etxe izenetik datorkio deitura Goiko Kaleren buruko etxe multzoari, garai batean zamarrak eta kapusaiak egiten zituztelako Elosegi-Enea etxean, agiri zaharrek diotenez. Artzain eta errekardera ugariren bizitokia ere izan da hamarkadatean Txamarretxe auzoa.