Aralarko boluntarioen Ehunmilak partikularra

Larraizko langatik Uarrain arteko tarteko lanak Beasaingo Arrastaka taldeko boluntarioen ardura izaten da. Txindokiko lepoko kontrol postuan egoten direnetako bi dira Arantxa Meliz eta Mali Kortaberria.

Ehunmilak

Korrikalari askok behin eta berriz goraipatzen dituzte Ehunmilak lasterketetako 1.600 boluntarioek egiten duten lana. Eta urtero aipamen berezia jasotzen dute Txindokiko lepoko kontrolean eta Aralarren barrena kanpin dendetan egoten diren boluntarioek. Arrastaka mendi taldekoak osatzen dute Larraizko langatik hasi eta Uarrain arteko kilometroetako boluntario taldea. Horietako bi dira, Txindoki magaleko kontrolean egoten diren Jesus Mari Mali Kortaberria eta Arantxa Meliz.

Beasaingo festengatik dagokien jai eguna gorde, eta ostiral goizean igotzen dira Mali eta Arantxa Txindokiko lepora. Bertan jartzen dute denda. Txindokiko kontrol guneaz arduratzea izaten da beraien lan nagusiena, eta Aralarko balizak ondo daudela gainbegiratzea. Aralarren gora eta behera, beraien Ehunmilak partikularra egiten dute.

Baldintza gogorrak

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Boluntarioak behelainopean, Aralarren.

Kortaberriaren esanetan, Aralarko tarte hori egiteko «esperientzia» eduki behar da goi mendian. Melizek honakoa nabarmendu du: «Oso toki haizetsua da, baina kobertura arazoak egoten dira eta toki zehatz batean jarri behar izan gara. Ezerezaren erdian egoten gara, kazkabarra, euria edo eguzkia eginagatik». Arrastakakoek diotenez, oraindik ez da lainorik gabeko ediziorik egon. Hala ere, zalantzarik ez dute: «Gogorrena eguzki beroa da korrikalarientzat; gu ere animatzen gaituzte korrikalariek eguraldi txarra dagoenean».

Goierriko Bi Handiak lasterketako korrikalariak izaten dira iristen lehenak; larunbat goizaldeko 03:00ak eta 04:00ak artean.  «Lasterketaren hasiera da eta denak elkarren atzetik pasatzen dira». Korrikalariak «ardiak bezala», ilaran jartzen izaten dituzte lanak, inor ere kontrolik pasatu gabe geratu ez daidin. «Konexio arazoak izaten dira batzuetan eta banan-banan dortsal guztiak eskuz apuntatzen ditugu», dio Melizek. G2Hkoen kasuan, 04:00etan ixten da kontrola, eta «tentsio momentua» bizi izaten dute, korrikalariak ezin iritsi ikusten dituztenean.

Luzean 105. kilometroan

Ibilbidea balizekin markatzen dute boluntarioek.

Ibilbidea balizekin markatzen dute boluntarioek.

04:00ak arteko tentsioa bukatutakoan, «lo txurrustaren bat» egiten saiatzen badira ere, ez da erraza izaten bertan bizi izandako emozioekin eta tentsioarekin lo hartzea. Gainera, 07:00ak alderako adi jartzen dira berriz ere, lasteketarik luzeeneko lehenengo korrikalariak iristen hasten baitira, banaka-banaka, 105 kilometro eginda eta oraindik ere beste 63 kilometro faltan dituztela. «Momentu kritikoa izaten da, jende asko erretiratzen da bertan. Askotan psikologo lana ere egin behar izaten dugu, korrikalari batzuk uztekotan egoten dira eta», diote.

Taktika bereziak erabiltzen dituzte horretarako, eta Maliren gogokoena, «animo, segi, Beasainen ikusiko gara» esaldia da. Tratu pertsonalizatua ematen ahalegintzen dira boluntarioak, korrikalariari izenez deitzeaz gain, bere jatorria ere aipatzearekin gertutasuna eta berotasuna transmititu nahi izaten diete.

Larunbat iluntzean, 20:45ean ixten da Ehunmilak ultra traileko korrikalarientzako Txindokiko kontrola. Azkeneko korrikalaria pasatutakoan, balizak jasota eta Abel, Ana, Ander eta Amaiaren Beltzulegi artzain txabolan utzitakoan amaitzen da Arrastakako boluntarioen lana. «Beasainera iritsi eta Txindokin ezinean zihoan korrikalaria helmugara iristen ikusteak poz handia ematen digu».

Oilo ipurdia azalean

Ehunmilak-1

Zenbait tokitan adarrarekin eta txalapartarekin egiten diete harrera korrikalariei.

Nekea, tentsioa, emozioa, poza, tristura… sentimendu ugari bizi izaten dituzte bi egunetan. Oilo ipurdia ere behin baino gehiagotan jartzen zaiela aitortu dute: «Iaz, izarrez beteta zegoen zerua. Gaztelutik korrikalariak kopetako argiarekin nola zetozen ikusten zen. Oso hunkigarria izan zen. Badakizu handik ordubete pasa falta zaiela guregana etortzeko. Txalapartariak txalaparta jotzen hasten dira eta hunkitu egiten gara».Ostiral gauetik larunbat goizera bitartean, Ximon eta Haritz Goikoetxea aita-seme txalapartariek are eta magikoagoa egiten duten gaua. «Kanpoko korrikalari askok galdetzen digute zein instrumentu den eta argazkiak ateratzen dizkiete».
Urtero «leher eginda» iristen dira etxera, baina dena ondo atera denaren eta Aralarren arazorik egon ez denaren sentipenarekin pozik.» Larritasuneko ezer ere ez da gertatu, eta zortea izango dugu orain arte».

Aurten ere ez dute hutsik egingo eta Aralarren egongo da Arrastakako lagun taldea, korrikalariak mimatzeko eta animatzeko prest.

 

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend