«Pozgarria izan da ia elkarte guztiak parte hartzeko prest egotea»
Otaegi (Legazpi, 1957) bake epailea da eta saharar herriarekin lotura estua du. Ofizioz galdaragilea da eta Gabonetan beste identitate ezkutu bat ere badu. Biharko jaialdia antolatu du.Noiz hasi zen saharar herriarekiko zure lotura?Orain hamahiru urte,...
Otaegi (Legazpi, 1957) bake epailea da eta saharar herriarekin lotura estua du. Ofizioz galdaragilea da eta Gabonetan beste identitate ezkutu bat ere badu. Biharko jaialdia antolatu du.
Noiz hasi zen saharar herriarekiko zure lotura?Orain hamahiru urte, Kataluniako lagun batzuen etxean geundela, sahararren errefuxiatu kanpalekuetatik etorritako neskatila bat ezagutu genuen. Hura izan zen historia honen hasiera.
Lurdes Lopez emazteak eta biok mutiko bat etxean hartu genuen. Hura Legazpiko Udalak antolatutako udalekuetan has zedin udaletxera joan nintzen. Kasualitatez bake epailea jubilatzekoa zen, eta proposamena egin zidaten. Urte hartan Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan nengoela, emazteak deitu zidan ofizialki Legazpiko bake epailea nintzela esateko. Bi hariak txirikordatu egin ziren.
Orduz geroztik udaro haur bat hartu duzue zuen etxean. Aitzitik, zuen haiekiko konpromisoa harago doa, ezta?
Han gertatzen diren arazoez eta egoerez jantzi gara, eta zer edo zer behar izanez gero beti gaude laguntzeko prest.
Orain gutxi erreminta bete kamioi bat bidali duzue kanpalekuetara.
Duela bizpahiru urte hasi ginen horrekin. Kanpalekuetan lan tresna gabezia itzela zegoela jabetuta, eta sahararrak baratzeak prestatzen oso gustura zebiltzala ikusita, erremintak bidaltzeko aukera aztertzen hasi ginen. Nik beti pentsatu izan dut elikagaiak bidaltzea baino hobea dela lan tresnak haien eskuetan ipintzea lurra landu dezaten.
Bellota enpresak erreminta asko eman zizkigun eta hurrengo urratsa hara bidaltzeko modua bilatzea izan zen. Hasieran zazpi bat palet bete genituen, eta pentsatu genuen kamioi txiki batekin aski izango genuela. Gero 30 palet izan ziren eta trailer bat behar genuen. Lortu genuen eta atoia kanpalekuetan da jada.
Trailerra.
Bai, derrigor kamioi handi bat behar genuen pisua eta bolumena ez zirelako nolanahikoak. Tolosako sahararren aldeko elkartearekin elkarlanean aritu gara, eta haiek arropak, janaria, ospitaleko materiala eta ordenagailuak gehitu zituzten.
Zein da hurrengo urratsa?
Urrian kanpalekuetara joango gara erremintak bertakoei banatzera eta haien erabilpenarekin laguntzera. Gobernu polisarioarekin hitz eginda dugu dena. Hasi ginenean Zestoako (Gipuzkoa) elkarteak Nekazaritza Eskola bat sortu zuela kanpalekuetan eta, haiekin hitz egin genuen. Tresna falta zegoen, eta guk bildutako erremintak ikustera etorri zen Fronte Polisarioko ordezkari bat. Aukera handia zela esan zuen eta bidali egin behar genituela.
Orduan, urrian joatekoak zarete.
Bai. Taldetxo bat joango gara hemendik. Erremintak sailkatu eta eskoletan zein familietan banatuko ditugu. Nahikoa erreminta dago banaketa handi bat egiteko.
Bihar Bikuña kiroldegian egingo duzuen sahararren aldeko jaialdia bidaiarako laguntza lortzeko antolatu al duzue?
Bai. Bidaia finantzatzeko diru arazoa dugu. Ez da soilik bidaia, izapide asko bete behar dira eta tramitazioek ere bere kostua daukate. Dena dirua da.
Jaialdiaren antolaketaren nondik norakoa azalduko zenuke?
Urte hasieran hasi ginen jaialdia antolatzen. Uztaila garai ona zela iruditu zitzaigun, opor usaina duen aroa delako. Bikuña kiroldegia, gainera, libreago egoten da.
Legazpiko elkarteetara deika hasi nintzen, eta poza handia hartu nuen haien erantzuna jaso nuenean. Ia denak prest agertu izana oso pozgarria izan da. Jendeak badaki sahararren egoerari buruz eta egiten dugun lana estimatzen du. Guretzat oso-oso pozgarria izan da Legazpin saharar herriarekiko sentsibilitatea egon badagoela berrestea, zeren aurretik ere beti lagundu baikaituzte. Zinez ederra izan da. 200 partaidetik gora izango dira jaialdian.
Nolako jaialdia izango da?
Adin guztietako jendea nahi dugu. Gaztetxekoak kiroldegian ez direla egongo, baina Gaztetxean ekitaldi bat prestatuko dutela esan digute.
Bestalde, aipamen berezia egin nahi diot nire kuadrillari, San Inazio auzoko kuadrillari. Bere garaian, Lakiolako erromeria egiten zenean, paella prestatzen hasi ginen. Guretzako egiten genuen, 40 bat lagunentzako. Baina konturatu ginen jende gehiagorentzat ere egin ahal genuela, eta jasotzen genuena sahararren aldeko ekintzetarako emateko aukera zegoela. Hala hasi ginen eta hala egiten dugu orain, auzoetan eta herrietan paellak egin, eta ateratzen duguna sahararrentzat. Orain, jaialdiaren antolaketan ere kuadrilla guztia dabil lanean, haiek gabe ezingo litzateke egin. Haurrak ginenetik ezagutzen gara, auzo berean hazitakoak gara, eta berdin-berdin segitzen dugu urteak pasata ere, lagun izaten eta elkarrekin gauzak egiten.