Udako feriak aisialdiko ikasgai bihurtuta

Oporrak hartzen hasi dira saltzaileak ere, baina produktu berriek ez dute etenik: leka eta tomate aukera zabaltzeaz bat, denboraldiko lehen eskarolak ere ekarri dituzte.

P lazara sartu orduko, Mikel Lasaren postuaren faltan, hutsunea nabarmena zen. Ohikoak, berriz, beranduago etorri ziren. Goiza aurrera joan ahala piztu bazen ere, poliki-poliki hasi zen mugimendua.

Produktuen eskaintza handitzen ari da astero-astero. Atzo, esate baterako, leka berriak agertu ziren: borobila eta gorria. Hauek, aire librekoak, orain artekoak negutegikoak baitziren. Leka borobila Itsasoko Maria Jesus Oriak ekarri zuen eta kiloa 4 euroan jarri zuen salgai. Leka hau merkeago saldu ohi da. Hemen ez da hau jateko joera handirik, baina ohitura duenak oso gustuko du eta ari da ezagutza zabaltzen. Iparraldean, berriz, hau da ezagunena eta estimatuena, edozein merkatu eta baratzetan ikus daitekeena; aldiz, txapala, oso baratze gutxitan egiten da. Urtetan leka frantsesa hemen eta leka (edo ilar) espainola ipar Euskal Herrian gaitzizenak erabili izan dira, baina poliki-poliki berezko formari lotutako izenak hartzen ari da.

Tomatetan, berriz Jack motakoa da nagusi, baina Nabarrekoen postuan sei moten artean aukera daiteke. Eskarolak eta lehen aza buru goiztiarrak hasi dira eta luzaroan izango ditugu aukeran. Aldiz, hemengo gerezirik eta hurrik ez da ia.

Mikologia atalari lotuz, postuz postu hemengo gibelurdin, zizahori eta onddo kilo gutxi batzuk baziren aukeran. Hala ere, bestelakoak ziren nagusi, eta kilo asko kanpotik ekarriak Oilo kalean zegoen Barcinaren postuan zeuden salgai.

Nafarroako lehen potxak

Nafarroatik ekarritako lehen babarrun zuri freskoa, potxa esanez ezagutzen dena, plaza bueltako postuetan zen salgai, kiloa 4,5 euroan.

Kanpoko postu horietan udako fruten sasoi betean gaudela garbi ageri zen, mahai koloretsu eta ondo asko beteak lekuko: meloi, sandia, muxika, albertxiko, gerezi, brinoi, paraguaio… denak aukeran.

Udan ere informazio iturri

Hitzaro Ordiziako euskara elkarteak kudeatutako udaleku irekiko haurrek azoka hartu zuten ikasbide atzo. Hantxe ari ziren propio prestatutako fitxak betetzeko galdezka, produktuei eta historiari buruzko informazioa biltzen. Izan ere, salerosketaz harago baidoaz gure merkatuak astea joan astea etorri.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend