Ataungo II. Mitoaldiko ekitaldi jendetsuena eta entzutetsuena bihar izango da: VII. Gau Ibilaldi Mitologikoa. San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik abiatuko dira bisitariak, eta hiru-bat kilometro Agauntzaren ertzetik egin ondoren, gauerdi irian ail...
Ataungo II. Mitoaldiko ekitaldi jendetsuena eta entzutetsuena bihar izango da: VII. Gau Ibilaldi Mitologikoa. San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik abiatuko dira bisitariak, eta hiru-bat kilometro Agauntzaren ertzetik egin ondoren, gauerdi irian ailegatuko dira San Martinera.
Guztira, 1.200 bat lagun izango dira. Bi multzotan banatuta bideratuko dituzte Ataungo herri bidean behera. 20:00etan abiatuko da lehenengo taldea, eta 20:30a inguruan bigarrena. Aurten, lehenengo aldiz, txartelak hartu behar izan dira. Asteazken eguerdian atera zituzten azkeneko aleak, eta istant batean agortu ziren.
Ibilbidean denera zazpi gunetan egingo dituzte Jentilbaratza elkarteko lagunek antzezpenak. Irteeran, Peruneberrin, Perunezaharren —Barandiaranen jaiotetxea—, Urezandin, Nazan, Astigarragan eta San Martingo plazan. Mitoetan oinarritutako historiak antzeztuko dituzte.
Autobusak jende garraioan
Autobus zerbitzua jarriko du antolakuntzak, San Martindik San Gregoriora, doan. 18:30ean hasiko dira jendea eramaten. Autoa San Gregorion utziko dutenentzat, ibilaldia amaitutakoan abiapuntura auto bila itzultzeko garraio zerbitzua ere egongo da.
Haur txikiekin joaten direnei, aulkirik ez eramateko eskatu diete, bidea ez delako egokia. Motxilan edo besoetan eramateko aholkatu dute. Ibilbideko zati batean, zuziak eta kriseiluak banatuko dizkiete ibiltariei.
Gau Ibilaldi Mitologia girotzen 150 bat ataundarrek parte hartuko dute. Prestaketa eta antolatze lanetan gehiago aritu dira. Mitoaldia bukatuko du.