Santa Ana festak hasteko guztia prest dute Ordizian

IMG_3944

Gainean dira Ordiziako Santa Ana festak eta gaur aurkeztu dute hilabete hauetan prestatu duten egitaraua. Bertan, izan dira udaletxeko ordezkari, udal teknikari eta jaietako antolakuntzan parte hartu duten hainbat eta hainbat talde eragile. Aurtengoan gainera, ohiko jai egunez gain, beste jai egun bat gehiago izango dela esan daiteke. Izan ere, Ordiziaren sorreraren 750. urteurrena dela eta uztailaren 28an, larunbatean, urteurren egunaren festa handia egingo dute. Haurren egunak 21ean eta 22an ospatuko dituzte. Santa Anak ofizialki uztailaren 24ean hasiko dira eta txupinazoa Jakintza Ikastolak bere 50. urteurrenagatik eta Jesus Mari Larizek , Ordiziako jaien antolakuntzan hainbeste urtean aritu denak botako dute.

Aurtengo jaietan, ohiko ekitaldiez gain berrikuntzaren bat edo beste batu zaie. Izan ere, Iker Galarzak abian jarri duen Gure Zirkua ere Ordizian egingo du geldialdia egun horietan. San Bartolome auzoan kokatuko da eta hilaren 19, 20, 21 eta 22an irekiko ditu ateak. Sei saio eskainiko dituzte. Oraindik badira sarrera batzuk salgai, Vicuña sport dendan. Horrez gain, uztailaren 21ean urezko txirrista erraldoia jarriko dute Eguterabidean eta haurrentzako bazkaria ere antolatu dute egun horretarako. 500 haur elkartuko dira bazkaltzeko.

Bestelako ekitaldiei dagokienez, Urrup antzerki taldeak martxoan estreinatutako Julio Escaladaren Tenemos que hablar obra antzeztuko dute, uztailaren 20an. Nabarmentzeko beste ekitaldietako bat, Lekittoko Deabruak taldeak eskainiko duen Anabasa kale antzerkia izango da. Hori, txupinazoaren egunean izango da, uztailaren 24ean alegia. Musika arloan, bi dira berri nagusiak: batetik, ABBA The New Experience taldearen emanaldia 26an eta Krypton orkestraren 27an.

Urteurrenaren festa handia

Aurtengo jaietako egitarauean nabarmentzekoa da hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatu dutena. Santa Ana jaiak uztailaren 27an bukatzen badira ere, esan daiteke, egun bat gehiago luzatuko direla, izan ere, urteurrenaren festa uztailaren 28an izango baita. Egun horretarako ere egitarau oparoa prestatu dute. Eguerdi partean, ekitaldi instituzionala egingo dute eta arratsaldean, herritar guztientzat izango diren ekintzak prestatu dituzte. 18:00etan Txirri, Mirri eta Txibiton pailazoen ikuskizuna izango da. Jarraian herriko hiru taldek joko dute, Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crewk hain zuzen ere. Iluntzean berriz, Donostiako Orfeioaren emanaldia, Irungo musika bandarekin batera eta amaitzeko, Astondoa pirotekniak musikaz eta su artifizialez osatutako ikuskizuna eskainiko du Barrena parkean.

Jaietan ere kirola

Kirolak ere izango du presentzia aurtengo Santa Ana festen barruan. Boxeo gaua, uztailaren 20an ostiralean izango da, txirrindularitza klasikoa berriz uztailaren 25ean jokatuko da ohiko den bezala eta pilota jaialdia, uztailaren 26an, ostegunean izango da. Altuna eta Martija, Irribarria eta Albisuren aurka arituko dira.

Baina horrez gain izango dira kirol ekintza. Izan ere, jaien egitarauaren barruan sartu dute kirol sarien banaketa. Hori, uztailaren 20an, ostiralean izango da. Pasa den urteko arrakastaren ondoren, aurten ere Umore Horia antolatu dute Oiangun, uztailaren 23rako, astelehenerako.

Danborrada, barrakak eta bigantxak

Barraken eta bigantxa plazaren kokalekua orain dela bi urte aldatu zen eta orokorrean balantzea ona izan denez, toki berean jarraituko dute. Barrakak, Bizkaia pasealekuan kokatuko dira eta bigantxak Buztuntzako Idoiaga plazan.

Udaletxeko balkoitik  uztailaren 24ko danborrada ikusteko aukera emango zaie aurten ere herritarrei.  Balkoian egoteko interesa dutenek eskaera egin behar dute udaletxeko herritarren arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30etara) edo komunikazioa@ordizia.eus helbidera idatzita, izen-abizenak eta telefono zenbakia emanez.    Ordizian erroldatua egotea derrigorrezkoa da. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da eta aukeratua den pertsona bakoitzak balkoira lagun bat eraman ahalko du. Eskaera epea 18an amaituko da eta 19an egingo da zozketa.

Bai ez bada, ez da

Santa Ana jaietan, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistak gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina martxan jarri du Berdintasun arloak beste behin. Ez da ez, ez pasa eta ez onartu bezalako mezu argi eta sinpleekin udalak herritarren arreta erakarri nahi du errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde.

Kanpaina honen barruan hainbat ekintza jarri dituzte martxan. Nabarmentzekoa, Zuhaiztin jarriko den jaima informatiboa edo  indarkeria sexistarik gabeko gunea deitu dutena. Uztailaren 25ean 19:00etatik 22:00era arte, eta hilaren 27an 23:00etatik 02:00era egongo da zabalik. Jai eremuan kokatzen den gunea da, indarkeria sexistaren gaia ikustarazteko eta herritarrak kontzientziatzeko (12 urte baino gorakoentzat). Bertan, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso eta babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi da.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend