Lazkaoko gazteak errekan blai
Aurreko larunbatean Agauntza ibaia garbitzen aritu dira Lazkaoko Gazte Asanbladako kideak hainbat gaztetxo lagun. Erreka mugituta, eta ertzetan ibili dira batik batAspalditik, Lazkaoko Gazte Asanbladako kideek urteroko hitzordua dute uztaileko bigarren...
Aurreko larunbatean Agauntza ibaia garbitzen aritu dira Lazkaoko Gazte Asanbladako kideak hainbat gaztetxo lagun. Erreka mugituta, eta ertzetan ibili dira batik bat
Aspalditik, Lazkaoko Gazte Asanbladako kideek urteroko hitzordua dute uztaileko bigarren asteburuan. Hain zuzen, urtero-urtero Agauntza erreka garbitzen dute auzolanean. Aurreko larunbatean lan eta lan aritu ziren 10:00etan hasita eta 14:00ak ingurura arte. Erreka hazita eta nahastuta zetorrenez, bazterretan egin zuten lanik handiena, eta handik ere nahikoa zabor jaso zuten.Guztira 30 bat gaztek bat egin zuten larunbateko hitzorduarekin, tartean, hainbat gaztetxok. Izan ere, Lazkaoko Gazte Asanbladakoek egindako deialdia lazkaotar guztiei helarazi zieten.
Ekaitzak gogor jo zuen aurreko gauean eta Ehunmilak proba bertan behera geratu ondoren, «Lazkaoko Ultra erreka garbiketa Trailak bere martxan segitu du», idatzi zuten gazte asanbladakoek bere Facebook-eko horman.
Zabor poltsak eta sokak eskuetan, Lazkaoko plazatik 500 bat metrora dagoen erreka azpiko zubira abiatu ziren, eta handik jaitsi ziren Agauntzara. Hainbatek bainu jantzia soinean zuten, eta beste zenbaitek galtza laburrak. Denak, gutxi-asko, prest zeuden beraz ibaian sartzeko. Erreka lokatzez beteta zetorren arren, hainbatek sartzeko intentzio garbia zuten. Eguraldi ona lagun, barru-barrura sartu ziren. Gutxi ikusten zen, ordea, eta ertzetan egin zuten bilketa lanik handiena, «ertzetik ere, nahiko zabor atera dugu».
Herrikoa anoa-postu
Lanak amaituta, mokadutxoa eskaini zieten Ansoategi Herrikoan, «anoa-gunea izan da, txistorra, patata tortilla eta zuritoak, indarberritzeko».
Behin garbiketa eginda, mahai beraren bueltan elkartu ziren errekako garbiketa lanetan aritutako gazteak. Garbiketa egitera zihoazela, bazkariko menuaz hitz egiten zihoazen, lanaren ondorengoa ordurako jada, dastatzen ari ziren.