Agenda 21eko Foroan jolas parkeen ereduei buruzko hausnarketa egiteko baliatu dute proiektua. Diseinua berritzailea izango da. Aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektua da
Legazpiko Udalak ekin die Latxartegiko haur parke txikia berritzeko lanei, eta Eric Galvez hirigintza zinegotziak esan duenez, «irailerako amaituta egotea nahi dugu».
Proiektuaren nondik norakoaren lanketa Agenda 21eko Foroan egin dute eta, bide batez, haur parkeen eredu berrien nolakotasuna aztertu dute. Latxartegiko parkearen berrikuntzak hausnarketa horiek guztiak barne bilduko ditu. Foroko partaide ezberdinek nork bere alea jarri zuten, eta Galvezek azpimarra berezia egin dio Haztegi ikastolako ordezkariekin egindako lankidetzari.
Udalaren eta Haztegiren arteko lankidetza horren emaitza da parke «naturalago» bat egiteko proposamena. 2 eta 6 urteko haurrei egokitutako eremu natural bat izango da. Parke berriak ez du jolas ibilbide zehatz bat eskainiko, eremu libre bat sortu baizik. Parkean erabiliko dituzten materialei ere erreparatu zieten, eta haiek zentzumenak areagotzeko ekintzak ahalbidetuko dutenak izatea erabaki zuten.
Hiru guneko parkea
Parkeak hiru gune izango ditu. Gune bat jolas sinbolikoei eskainiko zaie, eta etxetxo bat zein errekako harri handiak jartzea proposatu zuten. Beste eremu batek tipiak, enborrak eta erdigunera iristeko tunel bat izango ditu. Erdigunean ehundura ezberdinak uztartuko dituzte eta hareaz betetako gune bat jarriko dute. Elementu guztiak zorura lotuta egongo dira eta gune bakoitzak material ezberdineko gainaldea izango du: pinu azalak, errekarriak edota belar artifiziala.
Proiektua Kimu Bat enpresak egin du Agenda 21eko Foroko kideen oniritziarekin.