Santa Ana jaietarako plazako apainketak, eguraldi eguzkitsuak eta beroak eta opor giroak izan dira garaiko markak, aurtengo lehen aran horiak ekarri dituzteneko ferian.
Beste behin ere eguraldia izan zen hizpide, asteburuko ekaitzak kalte nabarmena eragin du tokika. Luzokerrak zulatu, landare puntak hondatu, uraza hostoak puskatu… aipatzen zuen Baliarraingo Edurnek. Aldiz, beste batzuk salbatu zirela eta gustura.
Udako barazkien aukera ederra dago: leka, piper, letxuga, patata berri, tipula, baratxuri, azenario eta abar. Tomatea da produktu salduenetako bat. Jack motakoa da gehien saltzen dena Ordiziako ekoizleen artean, hala ere, Nabarrekoren postuan erreparatuz, sei tomate klase badira aukeran: Kaparrosoko plaza, Buñuelgo gerezi-udare tomate txikia, Lodosako
Tuterako itsusia deiturikoa, udare tomatea, eta udagorri eta udagorri beltza, oso azal finekoak bi azken hauek eta denen artean salduenak.
Hemengo lehen aranak
Frutetan, aran horia izan da aipagai, kiloa 1,5 euroan zen salgai Ataungo Zurutuzatarren postuan; aurtengo lehenak dira. Gutxi, eta ez dela aran urtea zioten. Kanpoko fruten artean, berriz, klaudia motakoa ekartzen hasi dira, kiloa 5,5 euroan. Eta franbuesa edo mugurdia bukatu da, lehen emarikoa behintzat, landarearen arabera bi aldiz ematen duenik ere izaten baita.
Lasatarren opor astea pasatu eta plaza sarrerak bere ohiko itxura hartu du: toki handia hartzeaz gain, askoren topaleku eta berriketa gune baita postu hau. Aukera handia zuten Lasa eta Barcinaren artean: bertako 30 kilo gibelurdin (24-25 euro kiloa) eta 70 kilo zizahori (14-18 euro kiloa). Gainera, 230 kilo onddo (12-20 euro artean), 20 kilo saltsa perretxiko beltz (16 euro ) eta beste behin garestiena den gorringoa, 15 kilo (28-30 euro) ere baziren.
Hurrengoa, asteartean
Datorren asteko feria asteartera aurreratuko da festen hasiera dela eta. Batzuk ez dira hor izango asteartea berezkoa dutenera joango direlako, edota lehenago jaso beharko dutenez etortzea merezi ote dien zalantzan jartzen dutelako. Hala ere, festetako otordu goxoak prestatzeko produktu fresko eta bertakoak erosteko pare-parean tokatu da.