Santa Ana jaiak lehertzear
Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo eta larunbatean hartuko dute agintea bi alkate txikiek. Aurtengo berrikuntza 'Psychoclown' ikuskizuna izango da, asteleheneanGainean dira Ordiziako Santa Ana jaiak eta hilabeteetako lanaren ondoren, guztia pr...
Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo eta larunbatean hartuko dute agintea bi alkate txikiek. Aurtengo berrikuntza ‘Psychoclown’ ikuskizuna izango da, astelehenean
Gainean dira Ordiziako Santa Ana jaiak eta hilabeteetako lanaren ondoren, guztia prest dago festa lehertzeko. Aurtengoan gainera, ohiko jai egunez gain, beste jai egun bat gehiago izango dela esan daiteke. Izan ere, Ordiziaren sorreraren 750. urteurrena dela eta, uztailaren 28an, larunbatean, urteurren egunaren festa handia egingo dute. Haurren egunak datorren larunbatean eta igandean ospatuko dituzte. Santa Anak ofizialki uztailaren 24ean hasiko dira eta txupinazoa botako dute Jakintza Ikastolak bere 50. urteurrenagatik eta Jesus Mari Larizek, Ordiziako jaien antolakuntzan hainbeste urtean aritu denak.Aurtengo jaietan, ohiko ekitaldiei berrikuntzaren bat edo beste batu zaie. Izan ere, Iker Galarzak abian jarri duen Gure Zirkuak ere Ordizian egingo du geldialdia egun hauetan. San Bartolome auzoan kokatu da eta gaur, bihar, etzi eta igandean irekiko ditu ateak. Sei saio eskainiko dituzte. Oraindik badira sarrera batzuk salgai, Vicuña sport dendan. Horrez gain, uztailaren 21ean urezko txirrista erraldoia jarriko dute Eguterabidean eta haurrentzako bazkaria ere antolatu dute egun horretarako; 500 haur elkartuko dira bazkaltzeko.
Bestelako ekitaldiei dagokienez, Urrup antzerki taldeak martxoan estreinatutako Julio Escaladaren Tenemos que hablar obra antzeztuko dute bihar ostirala, hilak 20. Nabarmentzeko beste ekitaldi bat, Lekittoko Deabruak taldeak eskainiko duen Anabasa kale antzerkia izango da. Hori, txupinazoaren egunean izango da, uztailaren 24ean alegia. Musika arloan, bi dira berri nagusiak: batetik, ABBA The New Experience taldearen emanaldia hilaren 26an, eta Krypton orkestrarena 27an
URTEURRENAREN FESTA
Aurtengo jaietako egitarauan nabarmentzekoa da hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatu dutena. Santa Ana jaiak uztailaren 27an bukatzen badira ere, egun bat gehiago luzatuko dira, izan ere, urteurrenaren festa uztailaren 28an izango baita. Egun horretarako ere egitarau oparoa prestatu dute.Eguerdi partean, ekitaldi instituzionala egingo dute eta arratsaldean, herritar guztientzat izango diren ekintzak prestatu dituzte. 18:00etan Txirri, Mirri eta Txibiton pailazoen ikuskizuna eta jarraian herriko hiru talderen kontzertua izango da, Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crewrena hain zuzen ere.
Iluntzean, berriz, Donostiako Orfeioaren emanaldia, Irungo musika bandarekin batera eta, amaitzeko, Astondoa pirotekniak musikaz eta su artifizialez osatutako ikuskizuna eskainiko du Barrena parkean.
JAIA BAI, KIROLA ERE BAI
Kirolak ere izango du presentzia aurtengo Santa Ana festen barruan. Boxeo gaua, bihar ostirala izango da; txirrindularitza klasikoa, berriz, uztailaren 25ean jokatuko da ohikoa den bezala; eta pilota jaialdia, uztailaren 26an, ostegunean izango da. Altuna eta Martija, Irribarria eta Albisuren aurka arituko dira.Baina horrez gain izango dira beste kirol ekintza batzuk ete. Izan ere, jaien egitarauaren barruan sartu dute kirol sarien banaketa. Hori, bihar ostirala izango da. Bestetik, pasa den urteko arrakastaren ondoren, aurten ere Umore Horia antolatu dute Oiangun, uztailaren 23 astelehenerako.
JAIETAN ERE, EZ DA EZ
Santa Ana jaietan, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistarik gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina martxan jarri du Berdintasun arloak beste behin. Ez da ez, ez pasa eta ez onartu bezalako mezu argi eta sinpleekin udalak herritarren arreta erakarri nahi du, errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde.Kanpaina honen barruan hainbat ekintza jarri dituzte martxan. Nabarmentzekoa, Zu-haiztin jarriko den jaima informatiboa edo indarkeria sexistarik gabeko gunea deitu dutena. Uztailaren 25ean 19:00etatik 22:00etara, eta hilaren 27an 23:00etatik 02:00era egongo da zabalik. Jai eremuan kokatzen den gunea da, indarkeria sexistaren gaia ikustarazteko eta herritarrak kontzientziatzeko (12 urte baino gorakoentzat). Bertan, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso eta babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi da.