Ordiziako Santa Ana jaiak lehertzear
Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo eta larunbatean hartuko dute agintea bi alkate txikiek. Aurtengo berrikuntza 'Psychoclown' ikuskizuna izango da, astelehenean
URTEURRENAREN FESTA
Aurtengo jaietako egitarauan nabarmentzekoa da hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatu dutena. Santa Ana jaiak uztailaren 27an bukatzen badira ere, egun bat gehiago luzatuko dira, izan ere, urteurrenaren festa uztailaren 28an izango baita. Egun horretarako ere egitarau oparoa prestatu dute. Eguerdi partean, ekitaldi instituzionala egingo dute eta arratsaldean, herritar guztientzat izango diren ekintzak prestatu dituzte. 18:00etan Txirri, Mirri eta Txibiton pailazoen ikuskizuna eta jarraian herriko hiru talderen kontzertua izango da, Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crewrena hain zuzen ere. Iluntzean, berriz, Donostiako Orfeioaren emanaldia, Irungo musika bandarekin batera eta, amaitzeko, Astondoa pirotekniak musikaz eta su artifizialez osatutako ikuskizuna eskainiko du Barrena parkean.JAIA BAI, KIROLA ERE BAI
Kirolak ere izango du presentzia aurtengo Santa Ana festen barruan. Boxeo gaua, bihar ostirala izango da; txirrindularitza klasikoa, berriz, uztailaren 25ean jokatuko da ohikoa den bezala; eta pilota jaialdia, uztailaren 26an, ostegunean izango da. Altuna eta Martija, Irribarria eta Albisuren aurka arituko dira. Baina horrez gain izango dira beste kirol ekintza batzuk ete. Izan ere, jaien egitarauaren barruan sartu dute kirol sarien banaketa. Hori, bihar ostirala izango da. Bestetik, pasa den urteko arrakastaren ondoren, aurten ere Umore Horia antolatu dute Oiangun, uztailaren 23 astelehenerako.JAIETAN ERE, EZ DA EZ
Santa Ana jaietan, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistarik gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina martxan jarri du Berdintasun arloak beste behin. Ez da ez, ez pasa eta ez onartu bezalako mezu argi eta sinpleekin udalak herritarren arreta erakarri nahi du, errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde. Kanpaina honen barruan hainbat ekintza jarri dituzte martxan. Nabarmentzekoa, Zu-haiztin jarriko den jaima informatiboa edo indarkeria sexistarik gabeko gunea deitu dutena. Uztailaren 25ean 19:00etatik 22:00etara, eta hilaren 27an 23:00etatik 02:00era egongo da zabalik. Jai eremuan kokatzen den gunea da, indarkeria sexistaren gaia ikustarazteko eta herritarrak kontzientziatzeko (12 urte baino gorakoentzat). Bertan, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso eta babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi da.OHARRAK:
- Ai Laket elkartea eta kontsumo arduratsua egiteko kanpaina
- Tabernek ordutegi berezia izango dute Santa Ana festetan
- Santa Ana jaiek trafiko aldaketak eragingo dituzte