Alegia-Aztiria, jaietan parean
Gaurtik igandera ospatuko dituzte bi auzoetan Madalena eta Santa Marina festak. Sagardo dastaketa egingo dute Alegian. Aztiriko mendi lasterketa, etzi
Goierri garaiko auzo garaiena eta baxuena dira Aztiria (605 metro) eta Alegia (210m), altuerari dagokionez. Asteburu honetan, ordea, maila berean izango dira, festak batera ospatuko baitituzte. Aztiriarrek asteazkenean ospatu zuten Santa Marina zaindari eguna, eta gaurtik igandera jarraituko dute. Alegian ere asteburu osoa hartuko dute, Madalena egunarekin bukatzeko, igandean. Ohiturak mantenduko dituzte, bi tokietan. Alegian, sagardo festarekin hasiko dira. Dozena bat sagardotegitako edariak zerbitzatuko dituzte, pintxoekin batera. Gero, oilasko errea afaltzeko aukera izango da. Eta, gauean, 33. urtean jarraian, Joselu Anaiak musika talde araiarrak girotuko du Alegiako gaua. Auzotarrek hornituko dituzte, gainontzean, ekitaldi ugari. Itsasoko Ostatuko Manuk eta Aidak, esate baterako, biharko herri afariko paella erraldoia prestatuko dute, baita igande arratseko mokadua ere. Musika jartzen, bihar eta etzi, Jon Gorrotxategi musikari alegiar gaztea jardungo da. Hainbat obra eta azpiegitura berri probatzeko aukera ere izango da. Alegian jolas parke berria eraiki du Itsasoko Udalak berriki; ekainaren 19an inauguratu zuten. Komun publikoak egin, eta eliz atariko eserlekuak ere berritu dituzte. Aztirian, erromerian Aztiria gainean, berriz, hiru egunotan egunero izango da erromeria. Bihar bertso-afaria ere egingo dute, patata-tortilla txapelketarekin eta bola lehiaketekin ahaztu gabe. Jende gehien erakarriko duena 14. Mendi Lasterketa izango da, igandean. 10,5 kilometroko ibilbidea dute korrikalariek, iazko bera (Otañura). Izena goizean bertan eman behar da (5 euro). Jai arratsaldeko herri kirol erakustaldian ere izen handiak dira. Auzoko helduenari egin ohi dioten omenaldia ere jarri dute egitarauan. Aurten Biurraingoikoa baserriko Genoveva Apaolaza omenduko dute.