Boxeolari profesionalen eta amateurren borrokak ikusi ahalko dira gaur Beti Alai pilotalekuan. Ander Brizio ordiziar gazteak debutatuko du gaur iluntzean
Boxeoaren zaleek urteroko zita dute gaur iluntzean Ordizian. Izan ere, Boxing Ciclo Club elkarteak Ordizia Sutan jaialdia antolatu du, urtero ohitura den bezala. Aurten ere, jaialdi betea antolatu dute eta boxeolari profesionalen borrokaldiak eta amateurrenak egongo dira. Tartean Ander Brizio boxeolari ordiziar gaztearen debuta izango da. 22:30ean emango diote hasiera boxeo gauari. Bi motatako sarrerak egongo dira salgai; ring-aren ondokoek 20 euro balio dute eta harmailekoek, berriz, 15 euro. Dena den, arratsaldean ere izango da Ordizia Punch Boxing taldearen erakustaldia ikusteko aukera. Hori 18:30etik aurrera izango da.
Une honetan 24 urte ditu Ordizia Punch Boxing taldeko boxeolari ordiziarrak. Bere entrenatzaile Anartz Arkarragak adierazi duenez, «urteetako lan gogorraren ondoren, debutaren eguna iritsi da». Gaur iluntzean, bere jaioterrian igoko da Brizio ring gainera. «Ilusio handia du gaur gauerako. Lan handia egin du, psikologikoki eta fisikoki prest dago erronka honi aurre egiteko» nabarmendu du azken hilabete hauetan Brizioren entrenamendu saioak zuzendu dituen Azkarragak.
Badira urte batzuk Ordizia Punch Boxing taldea sortu zela eta adin guztietako jendea dute. Une honetan Urdaneta eskolan entrenatzen dute. Abuztuan geldialditxoa egingo badute ere, irailean berriro ere lanean hasiko dira.
Gainera, Azkarragak berak aurreratu duenez, «urrirako ekitaldi oso berezia prestatzen» ari dira. Izan ere, Aspanogi elkarteari laguntzeko boxeo gaua antolatuko dute. «Kirola bai, baina elkartasuna ere bai» argitu du taldeko entrenatzaileak. Momen- tuz hori baino ez du aurreratu, aurrerantzean informazio ge-hiago luzatuko dute.
Profesionalen borrokak
Gaueko saio honetan Errioxako Ricardo Fernandezek eta Bilboko Saul Lunak borrokaldi polita eskaintzea espero zen. Baina azken hau lesionatu egin da eta azkenean, Kevin Baldospino igoko da ring-era, Fernandezen aurka. Horiez gain, Fran Mendoza (Euskobox) eta David Lham (Madrid) ere igoko dira ring-era.Horiek izango dira Ordiziako gaueko izarrak, nahiz eta beste boxeolari batzuk ere arituko diren lehian.
Pedro Carrasco, Jose Duran, Neches, Urtain, Poli Diaz, Paco Galvez, Israel Carrillo edo Ruben Diaz dira Ordiziako ring-etik urte hauetan guztietan igaro diren boxeo txapeldunetako batzuk.