Insanos taldea sortu dute lau legazpiarrek. Doinua musika eskolako konboetatik datoz, han erabaki zuten taldea sortzea. Ez dira gazteak, baina amets bera zuten denek: musika egitea.
Insanos taldea lau musikarik osatzen dute. Jokin Arnaizek (Legazpi, 1982) bateria jotzen du, Iñaki Azpilikuetak (Legazpi, 1989) baxua, Jose Antonio Llamazaresek (Legazpi, 1973) gitarra eta Edu Gil Munarrizek (Legazpi, 1983) gitarra jotzeaz gain abestu eta letrak idazten ditu. Jaiotze datak garrantzitsuak dira Insanos taldearen istorioa data horietan txirikordatzen delako. Musikariok ez dira gazteak eta hasi berriak dira. Guztiek amets bera zuten eta daukate: musika egitea. Subeltza kolektiboaren musika lokaletan egindako hitzorduan aho batez esan duten lehenengo gauza da, ez dutela asko kontatzeko. Aitzitik, istorio bat badute.
Doinua musika eskolako ikasleak dira. Bakoitzak bere aldetik izena eman zuen umetan musika ezin ikasi, eta arantza hori guzti-guztiek zutelako. Salbuespen bakarra Jokin Arnaizena da, berari konboetan izena eman eta taldera batzeko gonbidapena egin zioten.
Arantza atera dute jada. Doinuako konboetan aritzen dira Yerko Ortiz irakaslearen eta musikariaren gidaritzapean. Ostiralero klasera doaz aspaldian. Eskolatik atera eta «elkarrekin trago bat hartzen» geratzen direla azaldu du Edu Gilek. Hortik Insanos izena, «behin biharamunarekin esnatu nintzen eta ohitura hori oso sanoa ote zen galdetu nion nire buruari. Gure ikasketa prozesua berezia zela inondik ere», dio irribarre batekin. Ohitura oso sanoa ez zela eta, hala asmatu zuen taldearen izena: Insanos.
Subeltzan lokala hartzea erabaki zuten, eta eskolatik kanpo taldea osatzea, «oso hasi berriak gara, berandu hasitakoak».
Alabaina, lan eta lan ari dira hobetu nahian eta ikasi nahian. «Rock urbanoa» egiten dutela dio Llamazaresek, «asfalto rocka». Gilek gehitu du, «sinplea eta gordina da, baina punka izan gabe». Azpilikuetak, «letrek pisu handia» dutela erantsi du, «akaso melodiek baino gehiago». Gilek, zeri buruz idazten duen galdetuta, baztertuei bereziki erreparatzen diela dio, «kale usaina duten kantuak dira, beti ere gutxiengo direnei eskainitakoak, amore eman ez dutenei». Euskara eta gaztelaniaz kantatzen dute.
Ezkontzako kontzertua
Lehenengo kontzertua Iñaki Azpilikueta kidearen ezkontzan egin zuten. Lauzpabost abesti kantatu zituzten, elegante jantzita, lagunen eta senideen aurrean. Gerora, Hotz Legazpik antolatutako elkartasun kontzertuan parte hartu zuten eta Karibe Zaharrean errepertorio osoa jo zuten Yerko Ortizek antolatutako kontzertuan. Subeltzak urriaren 24rako antolatutako kontzertuetan egongo dira.
Jokin Arnaizek dioenez, «ale txiki bat bota eta lorea handitzen ari da». Helduaroan hasi izanak akaso beldurrak gehitzen dizkiela diote, baina egiten duten horretan sinisten dutela diote ezbairik gabe. Agertokira igo direnean kirioak dantzan sentitu dituzte, baina gogoa gailendu zaie kirioei. Ederki adierazi dute euren musika zaletasuna «urtetan gorde, ezkutatu eta orain atera» dutela guztiek, elkarrekin, aldi berean. Orain, poliki-poliki, lorea hazi dadila.