Urretxuko jaietako egitarauko azala Anne Bengoetxeak egin du
Kartelean bi erraldoi, emakumea eta Iparragirre, eta bi buruhandi jarri ditu. Zumarragako jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa ere donostiar honek irabazi zuenUrretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa Anne Ben...
Kartelean bi erraldoi, emakumea eta Iparragirre, eta bi buruhandi jarri ditu. Zumarragako jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa ere donostiar honek irabazi zuen
Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa Anne Bengoetxea donostiarrak irabazi du. Zumarragako jaietako egitarauko azala ere berak egin zuen.Urretxuko jaietarako egin duen lanean bi erraldoi (emakumea eta Iparragirre) eta bi buruhandi ageri dira eta letrak dantzan jarri ditu alaitasuna adierazteko. Bengoetxea donostiarra da, baina Urretxu eta Zumarragarekin lotura du. Izan ere, bere mutil-laguna bertakoa da.
Azala atzo aurkeztu zuten eta ekitaldi berean Bengoetxeari 300 euroko saria eman zioten. Bengoetxeak eskerrak eman zizkion udalari lehiaketa hau antolatzeagatik, eta bi herrietako lehiaketak irabaztea «zoragarria» izan dela esan zuen.
Kartelari buruz ere hitz egin zuen. «Buruhandiak eta erraldoiak aukeratu ditut, festaren sinboloetako batzuk direlako. Erraldoiak emakumea eta Iparragirre dira. Biak parean jarri ditut, berdintasuna adierazteko. Bestalde, letrak dantzan jarri ditut kartelari alaitasuna emateko».
Jon Luqui alkateak bederatzi lan aurkeztu direla eta epaimahaia Mikel Ruiz artistak eta Maialen Fidalgo Kultura zinegotziak osatu dutela aipatu zuen. Bengoetxearen lana goraipatu zuen. «Iparragirreri, berdintasunari eta erraldoiei protagonismoa eman die. Kartel borobila da. Mutil-laguna Zumarragakoa duenez, datorren urtean ere parte hartzea espero dut».
Alkateak Urretxuko festak oso bereziak direla gehitu zuen. «Kalean primerako giroa egoten da, festa parte hartzaileak dira eta lau egunetan ekitaldi asko egoten dira. Jaien amaierara lehertuta heltzen naiz, baina oso sentsazio positiboekin».
Bengoetxeak ere oso gustuko ditu Urretxuko Santa Anastasia jaiak. «Euskal Jaia da gehien gustatzen zaidana», aipatu zuen.
Donostiar honek urte berean Zumarragako eta Urretxuko lehiaketak irabazi ditu. Miren Castillo Kultura teknikaria beste behin bakarrik gertatu dela esan zuen. Bi lehiaketak urte berean irabazi dituen beste diseinatzailea Julen Izagirre zumarragarra da.
Bengoetxea arkitektoa da ikasketaz, baina aisialdian kartelak egiten ditu. Dena den, ez du lehiaketetara aurkezteko ohiturarik. Lan «garbiak» gustatzen zaizkio. Bere karteletan elementu gutxi erabiltzen ditu, baina indarra transmititzeko gai direnak.