Lehendik ere aritzen ziren arren, orain baliabide sofistikatuagoak erabiltzen dituzte. Lasterketak zuzenean ematen dituzte Youtuben eta publiko asko dute
Maldan Behera inertzia kirolen elkarteko kideak «saltsa berri» batean sartu dira Julen Agirreburualderen hitzetan. Aurretik automobilismo simulazioan aritu izan dira, baina etxetik; orain, ordenagailu ahaltsuagoa eskuratu dute eta metodoa sofistikatuagoa da. Baliabide horiekin guztiekin Internet bidezko automobilismo lehiaketatan parte hartzen ari dira eta, bide batez, Sputnik goitibeheren berri ematen ari dira.
Gorka Gomez legazpiarrak simulazio gailua zuela, eta lasterketetan parte hartzera bultzatu zituela kontatu du Agirreburualdek. Lasterketa horiek Youtuben zuzenean ematen dituzte eta nahiko audientzia dutela dio Maldan Beherako kideak. «Autoak errotulatzeko aukera ematen dute eta publizitatea egitea baliatzen digu, nahiz eta pantaila bitartez izan. Guk Maldan Behera ezagutzera emateko beste aukera bat moduan ikusi dugu».
Asteburuan Castellora
Birtualki egiten dira, besteak beste, errealitatean egiten diren igoerak, esate baterako, Hondarribiako Rallysprint-a (Gipuzkoa) eta halakoetan Espainiako estatuko seiehun partaidetik gora aritzen dira. «Orain mundu hori ezagutzen ari gara», dio. Izan ere, «automobilismo zaleek goitibeherekiko interes gehiago agertu ohi dute, eta halako lehiaketak, birtualak izanda ere, plataforma ona dira guretzat».
Sputnik ekitaldiekin «sasoiko» dabiltzala erantsi du. Datorren larunbatean Castellora (Herrialde Katalanak) doaz Sputnik ekitaldia egitera, «ibilbide bat markatu eta helduak zein umeak ibiltzen dira gure goitibeheratan». Dozena bat goitibehera eramango dituzte.