Delitu larriak Aralarren
GUTUNA – Edurne Huesa eta Koro Irazustabarrena (Landarlan ingurumen elkartea)
Dagoeneko hilabete eta erdi pasatu da Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarko parke naturalean landatutako haginak ipurditik atera zituztenetik eta hagin heldu bat akabatzeko enborreko azala kendu ziotenetik. Hagina interes bereziko espezie mehatxatua denez, aipatutako zuhaitz landaketa erabat egokia iruditzen zaigu eta irmoki gaitzesten dugu bere suntsipena.
Elkarte honek, gertatutakoaren salaketa Beasaingo Ertzaintzaren komisarian jartzeaz gain, aldundiari, Enirio-Aralarko Mankomunitateari, berau osatzen duten udalei eta parke naturaleko zuzendaritzari jakinarazi zien, zera eskatuz: gertatutakoa ikertzeko, dagoen gatazka berbideratzeko sektore inplikatu guztiak aintzakotzat hartuz eta landaketa berri bat egiteko.
Aipatutako erakunde horietako guztietako bakar batek ere ez digu erantzun, eta ez du gertatuaren berri zabaldu ere egin.
Era berean, txalogarria deritzogu joan den ekainaren bukaeran Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutakoa Eusko Jaurlaritzari eskatzeko: Ertzaintzak ingurumen delituak ikertzen dituen unitatea indartzeko eta gauza bera egiteko antzeko jarduera burutzen duten aldundi eta udaletako taldeekin. Baina Legebiltzarreko akordio hori onartu duten alderdi politikoetako ordezkariak isilik daude aldundian eta mankomunitatean, gorago aipatutako ingurumen delitu larrien aurrean. Zergatik?
– Edurne Huesa eta Koro Irazustabarrena (Landarlan ingurumen elkartea)