Power indartsu, Yates jator
Michelton-Scott taldeko Robert Power australiarra eta Simon Yates britainiarra elkarrekin iritsi dira Ordiziako helmugara. Krist Neilands letoniarra sailkatu da hirugarren postuanNeil Sthepens handiari hartu dio lekukoa Robert Power australiarrak (Mich...
Michelton-Scott taldeko Robert Power australiarra eta Simon Yates britainiarra elkarrekin iritsi dira Ordiziako helmugara. Krist Neilands letoniarra sailkatu da hirugarren postuan
Neil Sthepens handiari hartu dio lekukoa Robert Power australiarrak (Michelton-Scott) Ordiziako 95. Klasikoa irabazita (03:46:36). Oiartzunen bizi den txirrindulari ohiak lau aldiz jantzi zuen txapela Ordizian (1991, 1993, 1994 eta 1995 urteetan), eta garaipen haietatik bi hamarkada baino gehiago pasa badira ere, atzera ozeaniar baten buruan dago txapel gorria. Simon Yates taldekide britainarra 2016ko irabazlea ondoan zuela gurutzatu du Power-ek Gudarien Etorbideko helmuga. Gazteak indartsu dagoela erakutsi du abizenari ohore eginez, eta Yatesek jator jokatu du harekin. Hirugarren posturako lehian, Krist Neilands (Israel Cycling Team) Letoniako txapelduna izan da azkarrena bost laguneko tropeltxoan.Goizean goizetik giro bikaina izan da Joxemiel Barandiaran plazaren inguruan txirrindularien sinadura emate ekitaldian. Parrandazaleek kantuz eta animoz hartu dituzte ziklistak, baina ez denak, Israel Cycling Academy taldekoei oihu egin baitiete, talde horri boikota egiteko deia baitzegoen; Palestinako bandera ugari ikus zitezkeen. Omenaldientzako tartea ere hartu dute proba hasterako. Aurten zendu diren Jesus Mari Garate dantza maisu ordiziarra eta Patxi Lasa nazioarteko epaileen gidari lazkaotarra izan dituzte gogoan.
Ihesaldia bigarren itzulian
Abiatu eta berehala lehen erasoak izan badira ere, Abaltzistekako lehen igoera tropelak batera zeharkatu du. Bigarren itzulian sortu da eguneko ihesaldia, 17 lagunekoa. Tartean ziren lehen bi postuetan sailkatutako Power eta Yates, eta Jorge Arcas, Hector Carretero eta Antonio Pedrero (Movistar), Fernando Barcelo (Euskadi Murias), Ruben Plaza, Krists Neilands, Awet Andemeskel (Israel Cycling) eta Jon Irisarri (Caja Rural), besteak beste. Txirrindulari horien artean banatu dituzte sari guztiak.
Abaltzisketako laugarren igoeran hiru minututik gorako aldea zeramaten iheslariek, eta tropelak etsi egin zuen. Altzoko bigarren igoeran bakandua hartu du iheslarien taldeak, eta zortzikote bat geratu da sailkapen buruan. Abaltzisketako azken igoeran Powerrek eraso gogorra jo du, eta handik gutxira Yates atera da, biak lasterketa buruan jarriz. Behin gaina harrapatuta, elkarrekin egin dute Ordiziarainoko jaitsiera.
Lehian zeuden bi goierritarrak, Alex Aranburu ezkiotarra (Caja Rural) eta Iker Azkarate lazkaotarra (Team Euskadi) irabazlearengatik 8 minutu eta 35 segundora helmugaratu dira. Honakoa adierazi zuen Aranburuk helmugara iritsi berritan: «Azkenean karrera gogorra izan da, hasieratik ihesaldiak egon dira, lehenengoan ez gara sartu eta gero tiraka joatea tokatu zaigu. Jarri gara tiraka eta bigarren ihesaldian bi sartu ditugu. Beroa eta hezetasun handia zegoen, baina aspaldi lehiatu gabe egon eta gero, nahiko sentsazio onak izan ditut».
Azkarate «gustura» zegoen egindako lanarekin, nahiz eta «nabi baino atzerago» ibili. «Etxe ondoan izanda azkenean ilusioa egiten du, eta beno, bukatu dugu eta ez da gutxi. Portugalen bederatzi egun korritzetik gatoz eta nabaritzen da, nekatuta nabaritzen nintzen, baina bukatu dugu eta gaitzerdi». Irteeran ziren 97 txirrindularietatik 58 soilik iritsi ziren helmugara.