Bidali argazkiak, irabazi sariak
GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek Udako 13. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Irailaren 30a arte aurkez daitezke argazkiak. Harpidedunak ez direnek ere parte har dezaketeDagoeneko 13. edizioa du GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek elkarlanean antolatzen duten U...
GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek Udako 13. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Irailaren 30a arte aurkez daitezke argazkiak. Harpidedunak ez direnek ere parte har dezakete
Dagoeneko 13. edizioa du GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek elkarlanean antolatzen duten Udako Argazki Lehiaketak. Aurtengoak iazko ildo berari jarraitzen dio. Iaz sari gehiago jarri ziren aukeran, eta lehen aldiz, harpidedun ez direnek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Hori bai, harpidedun izateak abantailak ditu, eta horiek soilik izango dute sari bereziak jasotzeko aukera.Gaur bertan ireki da argazkiak aurkezteko epea, eta parte hartu nahi dutenek abuztu eta irail osoa izango dute haien argazkiak bidaltzeko; irailaren 30ean bukatuko da epea. Lehiakide bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu. Parte hartzeko goierri@hitza.eus helbidera bidali behar dira irudiak. Jasotzen diren argazki guztiak goierri.hitza.eus webgunera igoko dira irailean zehar, eta irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango dute.
Hamar sari guztira
Udako 13. Argazki Lehiaketan lau sari nagusi eta irakurleek aukeratutakoen artean beste 6 banatuko dira aurten. Fotoetxeko Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek eta GOIERRIKO HITZAren lan taldeak osatuko dute epaimahaia. Fotoetxek bi sari emango ditu: argazkirik onenarena eta argazkirik originalenarena. Lehenak, Kappa euskarrian inprimatutako norberaren argazki bat jasoko du, 60×100 tamainan. Bigarrenak, berriz, 50x80ko handitzea lortuko du, Oihal euskarrian. Sari horietan, harpide direnek nahiz ez direnek parte hartuko dute.
GOIERRIKO HITZAren sariak, aldiz, harpideen artean bakarrik banatuko dira. Lehen sarituak, Lekeitioko Metrokua Hotelean egonaldia irabaziko du, eta bigarrenak, Argindegi jatetxeak eskainitako menu berezia. Saridunak urrian jakinaraziko dira.