Ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean, Iñigo Urkullu eta Markel Olano bertan direla. Iluntzean eta gauean pailazo eta musika saioak izango dira herrigunean
Herriko jaiak gaur bukatuko badira ere, bihar ere festa giroa izango da Ordizian, hiribilduaren sorreraren 750. urteurrena ospatuko baitute. Ekitaldi instituzionalarekin hasiko dira ospakizunak. 12:00etan, udaletxeko areto nagusian, harrera egingo diete Ordiziako udal ordezkariek Iñigo Urkullu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiari eta Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presindeteari. Ekitaldiaren amaieran, familia argazkia aterako dute Plaza Nagusian gonbidatu guztiekin.
Pailazoak eta musika
Arratsaldean, 18:00etan, Zuhaiztian, umeentzako
Zoro gaitezen ikuskizuna eskainiko dute Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek.
18:30etik 21:15era, berriz, Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crew taldeen musika emanaldia izango da Joxe Migel Barandiaran plazan. 22:00etan, azkenik, Plaza Nagusian, Donostiako Orfeoiaren eta Irun Hiria musika bandaren kontzertua.