Adifek eta Legazpiko Udalak burutuko duten proiektua behin-behinekoa da. Irailean amaituta egongo da. Donostiatik datozen bidaiariak zubit azpitik igaro beharko dira
Adifek ekin die Legazpiko tren geralekuan nasak zeharkatzeko arriskuak saihesteko lanak. Egingo dituzten aldaketak «behin-behineko» proiektuari dagozkiola nabarmendu du Koldobike Olabide alkateak. Adifek eta udalak bere gain hartuko dituzte dagoeneko hasiak diren lanak. Adif ari da orain eta aurki udalak bere zatiari helduko dio.
Lanen epea hilabetekoa dela diote Adifetik trenbide sarearen azpiegiturak kudeatzen ditu Adifek, eta Renfek ustiatu. Legazpiko alkateak, bere aldetik, lan guztiak irailean amaituko dituztela aurreikusi du.
Behin-behineko proiektuaren barruan geralekuko nasen altuera handituko dute eta ezingo dira zeharkatu. Bidaiariek hilerriko zubia erabili beharko dute; Donostia aldetik datozenak handik aterako dira geralekutik eta Gasteiz aldera doazenentzat txartelak banatzeko makina jarriko dute. Bigarren nasa arrapala batek lotuta geratuko da eta bertan argiztapena eta eskudela jarriko dituzte. Hori guztia Adifek egingo du.
Udalak farolak jarri, bidea asfaltatu eta altxatutako zebra-bidea egingo du, landareak landatu, espaloia zabaldu eta hiruzpalau aparkaleku jarriko ditu. «Hau, dena dela, aurreko urtarrilaren 2an Adifi eskatu genion urjentziazko irtenbidea da, behin-behinekoa», berretsi du alkateak.
Behin-behineko proiektua
Koldobike Olabidek Legazpiko Udalak Adifi aspaldi egindako eskaera dela azaldu du, «2007ko Plan Orokorrak jasotzen zuen». Geralekuak daukan irisgarritasun arazoez gain, «gobernuan sartu ginenean arriskua ere bazegoela ohartarazi genion Adifi eta 2016an haiekin hitz egiten hasi ginen, guretzat nasak zeharkatzerakoan bidaiarientzat sortzen ziren arriskuei berehalako irtenbide bat ematea ezinbestekoa baitzen».
2017ko maiatzean Adifekin elkartu zen Olabide Madrilen, «orduan behin betiko proiektua aztertuko zutenaren konpromisoa hartu zuen Adifek». Proiektu hura, ordea, ez zegoen artean definituta hainbat aukera zeudelako eta behin-behineko proiektua burutzeko konpromisorik ez zuen hartu Adifek. Aurreko abendu amaieran Legazpiko geralekuan gertatutako istripu lazgarriak behin-behineko proiektua egin dadin eragin du.
Adifek hogei hilabete inguruan behin betiko proiektuaren lanak hasiko lituzke. Proiektu horren ardatza azpiko pasabide bat egitea da, zeina igogailuekin lotuta egongo den eta nasak zeharkatzea ekidingo duen.
Legazpiko geralekura 21 tren iristen dira egunero-egunero Donostiako norabidetik eta beste 21ek, Brinkolatik irtenda, Donostiako norabidean doaz Legazpitik.