Garagardoaz asebete
Idiazabalgo Areto Futbolekoek 16. Garagardo Festa antolatu dute astebururako. 14 garagardo desberdin eta jatekoa izango dira. Afalosteak musikaz girotuak egongo dira aurtengoan ereAzken urteetan bezala, Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Fes...
Idiazabalgo Areto Futbolekoek 16. Garagardo Festa antolatu dute astebururako. 14 garagardo desberdin eta jatekoa izango dira. Afalosteak musikaz girotuak egongo dira aurtengoan ere
Azken urteetan bezala, Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Festa antolatu du Zelaako kiroldegian. Bihar 18:00etan ireki, eta igandera arte mota ezberdinetako 14 garagardo dastatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Festak 16. edizioa du aurtengoa eta guztia prest dute garagardo zaleak hartzeko.Eskaintzari dagokionez, aurreko urteetan izandakoaren antzekoa izango da; garagardoaren prezioa 4 eurokoa izango da. Ohikoa den bezala, jatekoa ere egongo da: ukondoa, solomoa, oilasko hegoak eta beste hainbat plater.
Iazkoan bezala aurten ere kontzertuak antolatu dituzte garagardo azoka girotze aldera; ostiralean, The Frankys taldeak joko du; larunbaterako, berriz, VHSren kontzertua antolatu dute eta jarraian Josu Rodriguez eta Javi Laz DJak izango dira.
Garagardo festarekin egunotan eskuratutako dirua, Idiazabalgo areto futboleko taldeak, denboraldian zehar dituen hainbat gasturi aurre egiteko bideratuko dute
Taldearen helburuak
Iazko denboraldia ederki bukatu zuten Idiazabal Areto Futboleko taldeek: «Emaitzak onak ziren eta aurten ere ilusio handiz hasi dugu aurredenboraldia», Xabier Sanchez entrenatzaileak adierazi bezala.
Aurten gainera, mutilen bi talde atera dituzte. Helburuei dagokienez, «iazko berdinak dira, mailari eustea, alegia. Pasa den denboraldian lortu genuen eta aurten ere hala izatea espero dugu». Gipuzkoako lehenengo mailan daude.
Neskei dagokienez, talde bakarra atera dute. Azkeneko urteetan oso maila polita erakutsi dute eta aurtengo denboraldian ere «hala izango delakoan» dago Sanchez. «Finalera ere iritsi ginen pasa den denboraldian eta aurtengoan ere finalera iristea izango da erronka».