Ikei etxeak udalaren eskariz egindako azterketa baten arabera, negozioa irekitzeko herri erakargarria da. Establezimenduko, 1,86 enplegu sortzen dira. Dauden «aitzindariak» baliatzea, gakoa
Argazki itxaropentsua eta aukerez betea atera dio Lazkaoko hirugarren sektoreari Ikei aholkularitza etxeak.
Lazkaoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreei zuzendutako jarduerak txostenean, egoera aztertu du, udalaren eskariz. Dendariei eta erabiltzaileei egindako inkestak, eta datu sozioekonomiko ugari bildu ditu.
Lazkaoko establezimendu ehuna ugaritzen ari dela ebatzi du azterketak. Azken hiru urteotan %7,7 hazi da denda eta taberna kopurua, 10 establezimendu berri irekita. Merkataritzak izan du kemen gehien, lau denda irekita (hiru moda eta osagarriena). Guztira 139 establezimendu daude Lazkaon —martxoko datua—: 53 merkataritzan, 28 ostalaritzan eta 58 zerbitzuetan.
Saltoki gehienek (%43) 50 metro koadro baino gutxiago dute. Inkestatutako profesionaletan eta herritarren iritziz, «ekintzailetza maila altua» da, eta ibilbide luzeko dendak daude. «Lazkaon negozio bat irekitzea erakargarria da, hiru urte baino gutxiago daramatenak %16 dira».
Lazkaoko profesionalek eurek ongi baloratu dituzte merkataritzaren sustapenerako ekimenak./Aimar Maiz
Saltokien %25,4 dira Lazkaon elkarteko kide, «beste udalerrietako mailaren antzera», Ikeiren arabera. Elkartea duela hamar urte eratu zuten, eta 13 bazkide ditu. Inkestatuen %5 bertan kidetzea aztertzen ari da.
Udalak 2015ean martxan jarritako plangintza sektorerako «bultzagarria» izan da. Egitea aurreikusitako jardueren gauzatze maila «altua» lortu da
Enplegu sortzaile
Hirugarren sektorea jarduera ekonomiko aipagarria da Lazkaon, eta lanpostu berrien sortzaile. Establezimenduen %57an soldatapeko pertsonak dituzte, batez beste %1,86 langile. Etorkizunean, langile gehiago hartzeko asmoa dute %16k. Zerbitzuen arloan handiagoa da kontratatutakoen indizea: 2,61 langile ditu establezimendu bakoitzak.
Hirugarren sektorekoek herriaren «ikuspegi positiboa» dute, orokorrean. «Herri girotsua eta erosoa da Lazkao, bai bizitzeko, bai erosteko. Aparkatzeko arazorik ez dago, zirkulazio noranzko egokiak eta oinezkoentzat esparru nahikoa dago».
Sektorerako mahaiak ere badira Lazkaon, ekimen publiko-pribatua uztartzeko gune. Merkatarien mahaian parte hartzen dutenak edo hartzeko prest daudenak %17 dira. Ostalarienean gehiago, %25era iristen da partaidetza. «Establezimendu berrien artean partaidetza altuagoa da, betiko establezimenduetako profesionalen artean baino», ondorioztatu du azterketak.
Ildo horretatik, dinamizazio ekimen guztietatik «ezagunena eta bere eraginagatik ondoen baloratzen dena» erosketa bonuena da. Errepikatzeko nahia adierazi dute inkestatuek. Kultura agenda «ezagutzen eta baloratzen» da, bestetik: «Gehien bat ostalariei zuzendutako jarduera izanik, merkatariek eta zerbitzuek ere etekina ateratzeko aukera dute. Udalak kultura agenda indartzen jarraitzeko adostasuna dago sektorean».
Partaidetzari dagokionez, inkestatuen erdiek merkataritza-sustapeneko ekimenen batean parte hartu dute, batez ere erosketa-bonuen kanpainan. Kalean, Arerian edo beste erakunde batzuek antolatutako ekitaldietan, aldiz, oso apala da parte-hartzea: %8koa.
Indarguneak eta balioak
Lazkao «asko» hazi izana, sektorearentzat potentzialitate handikoa da, inkestatuen iritziz. Biztanleria %2,3 igo da azken urteetan, Gipuzkoako tasaren gainetik. «Familia gazteak haurrekin nabarmentzen dira; gaur egun, 9 urtetik beherakoak %12,1 dira Lazkaon, Gipuzkoan %9,7an kokatzen direnean».
Bestetik, kanpotik ere erosle eta bisitariak erakartzen ditu, Zumarraga, Legazpi, Ataun eta Olaberriatik, aipatu dutenez.
Etorkizunerako, «indar ugari» atzeman ditu Ikeik, aukera gehiago irekitzeko baliagarriak. «Turismoa, batez ere naturarekin loturikoa. Eta elkarlana bultzatuz». Lazkaon «aitzindari nabarmenak» identifikatu dituzte, bai merkataritzaren jardueran, bai beste sektore eta erakunde batzuetan: kultur arloan musika eta euskara (Lazkao Txiki Musika Eskola eta Maizpide euskaltegia aipatu dituzte), kirolekoak, bertako produktuen ekoizleak…
«Aitzindari horiek aprobetxatzea aukera paregabea da, sektoretik tira egiteko eta lokomotore gisa jarduteko», ondorioztatu du Ikeik. Bi mahai sektorialak eta ekintzaile aitzindariak inplikatzea jo ditu erronkak gauzatzeko eragiletzat, baita urteroko kudeaketako jarduerak diseinatu, planifikatu, gauzatu eta emaitzak neurtzeko arduradun ere.