Argazki erakusketa ikusgai mendizale beteranoen eskutik
Hamar urtek askorako ematen dute eta horren erakusle garbia da bihar, larunbata, Goierriko Mendizale Beteranoek Idiazabalen irekiko duten argazki erakusketa. Urte hauetan guztietan egin dituzten irteera eta ibilaldietako argazkiak eta ikus-entzunezkoa...
Goierriko herritarren artean mendiarekiko eta naturarekiko zaletasuna sortzeko helburuarekin, lan handia egin dute Goierriko Mendizale Beteranoek erakusketan ikusgai egongo diren argazkiak biltzen eta aukeratzen. «Ibilbide asko egin ditugu eta haien kontakizuna etapaz etapa egin nahi izan dugu», adierazi du Joxe Mari Barandiaran Goierriko Mendizale Beteranoen taldeko kideak. «Milaka argazki genituen eta ez da lan erraza izan» gehitu du. Erakusketan, tamaina desberdinetan inprimatutako 180tik gora argazki ikusi ahalko dira.
Barandiaranek argitu duenez, «Euskal Pirinioko bira, zazpi hiriburuak oinez, Nafarroako mugetan zehar, euskal kostaldeko ibilaldia, Euskal Herriko zeharkaldia edo Pirinioetako goi ibilaldian barrena ateratako argazkiak daude ikusgai».
Erakusketa herriz herri
Erakusketa Goierriko hainbat herritan egongo da ikusgai hurrengo asteetan. Idiazabaldik, Zaldibiara eramango dute. Irailaren 17tik 25era egongo han zabalik. Ondoren, Lazkaon, Beasainen, Ordizian, Seguran, Ataunen eta Itsasondon jarriko dute.