Ordiziako Euskal Jaiak, musikaz blai
Euskal Jaiek eta Donostiako Musika Hamabostaldiak bat egin dute aurten Ordizian. Asteazkeneko azokara arte, dozenaka ekitaldi antolatu dituzte egun hauetarako. Aurrenekoak, pasa den asteazkenean izan ziren. Musikaldiaren eskutik, umeentzako Kontu Kantari saioa, Eguzkilore otxotea, Balkoitik balkoira bertso saioa, eta Kalakan hirukoak eta L’Incontro bikoteak elkarrekin egindako saioa izan zituzten.
Musikak ez du etenik izango datozen egunetan; gaur, Kaotiko taldeak joko du, 22:00etan, Plaza Nagusian. Eta bihar, Emaneurre Taldeak antolatutako Emaneurre Euskarari! egunean, dantzaldia izango da, Gozategi taldearekin.