Gaur billar eta ping pong txapelketak dituzte. Larunbata izango da egun handia, egun osorako egitaraua prestatu baitute. Herri bazkarian izena emateko epea ostegunean amaituko da
Mendekua antolatzen, autoorganizazioaz aurrera! lelopean, hamalaugarren urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago Beasaingo gaztetxea. Auzolan eguna izan zuten atzokoa eta festarako eremua eta egitaraua prest dute dagoeneko. Gaur, 16:30ean, billar eta ping pong txapelketak daude. Ostiralean, berriz, 19:00etan, Nerea Barjolak
Microfisica sexista del poder liburua aurkeztuko du. Ondoren, afari autogestionatua izango dute. Gauean, azkenik, 22:30ean, Zurrunka antzerki taldeak
Ac nun. Un cipres en un desierto lana aurkeztuko du.
Larunbata, egun handia
Larunbaterako, eta Igartza-Loinatz auzoko festekin bat eginez, egun osoko egitaraua egokitu dute. 11:00etan hasita, ur jokoak eta ur gerra egingo dituzte auzoan. Betaurrekoak eta ur pistolak eramateko deia egin dute antolatzaileek. 14:00etan, berriz, herri bazkaria egingo dute gaztetxean. Bihar da izena emateko azkeneko eguna (Irizar eta Arrano tabernetan edo Gaztetxean); langileek 10 euro eta ikasleek eta langabeek 8 euro ordaindu beharko dute. Bazkalondorena, Buterflai bakarlariak alaituko du. 19:00etatik aurrera, azkenik, bi eskenatokitan kontzertuak izango dira: Hell Riders (Beasain), Altxa Gudari (Zaldibia), Mamut (Madril), Rukula (Usurbil) eta Optika (Zarautz). Eta amaitzeko, Pellanbre disko jartzailea (teknoi).