Legazpiarrek egiten dituzten proposamenei galbahea pasa eta hamar proiektu eramango dituzte bozketara. Sei aukeratu, eta datorren urteko aurrekontuetan sartuko ditu udal gobernuak
Legazpiko udal gobernuak martxan jarri du aurrekontu parte hartzaileen atalaren barruan datorren urtean egingo diren proiektuak aukeratzeko prozesua. Aurtengoa ekimena abiatzen duten hirugarren urtea da eta Koldobike Olabidek legazpiarrek proposamenak aurkezteko eman beharreko urratsak azaldu ditu, baita amaitzeko dauden proiektuen egoera azaldu ere. Udalak 300.000 euro inbertituko ditu aurrekontu parte hartzaileen atalean. Legazpiarren boto gehien biltzen dituzten sei proiektuak gauzatuko dira, bakoitzean 50.000 euro inbertituta. Proposamen berriak aurkezteko epea bihar irekiko dute eta irailaren 26ra arte zabalik egongo da.
Proiektuak aurkezten dituzten legazpiarren artean herriko dendetan erosketak egiteko 50 euroko txartela zozkatuko dute. Urrian zehar jasotako proposamenen azterketa teknikoa egingo dute udaletxeko teknikariek eta urriaren 30etik azaroaren 15era bitartean aukeratutako proiektuak bozkatuko dira; botoa ematen dutenen artean ere erosketa txartel baten zozketa egingo dute. Azaroaren 18an aukeratutako proiektuen berri emango du udal gobernuak.
Proposamenak LegazpiOn sakelako eta tabletako aplikazioaren bitartez aurkez daitezke edo posta elektronikoz
legazpi@legazpi.eus helbidera idatzita edo
legazpi.eus udaleko webgunearen bitartez edo Herritarren Arreta Zerbitzuan dagoen kutxan dagokion inprimakia bete eta sartuta. Inprimakian datu pertsonalak eskatzen dira, baina Koldobike Olabidek ohartarazi du «datu horiek, datuen babes legeari jarraituta, ez dira beste ezertarako erabiliko ».
Aurreko proiektuen egoera
2017ko aurrekontu parte hartzaileetatik proiektu bakarra dago egin gabe eta orain martxan jartzekoak direla adierazi zuen Olabidek atzo egindako agerraldian, «Txintxoetxe-Mantxolako espaloia egiteko zailtasunak izan ditugu eskuinetik ubide bat datorrelako. Azkenean errepidearen ezkerrean egingo dugu, nahiz eta ibilgailuen bidea estutuko duen». Urtea amaitu aurretik asfalto berezi bat baliatuta egingo dute espaloi berria eta gunea argiztatuko dute.
Iazko diru soberakinarekin aurrekontu parte hartzaileetan proposatu, baina nahikoa boto izan ez zituzten bi proiektu egingo dituzte: Plazaolako plazako asfaltatzea eta San Inazio 6 bis ataritik 14ra doan espaloiaren txukuntze lanak. Bestetik, iaztik zuzenean aurtengo bozketara sartuko diren bi proiektuak honakoak dira: San Juan auzoko 12 ataritik 14ra doan espaloia konpontzea eta Telleriarteko plazaren konponketen lehenengo fasea; nahikoa boto ez badituzte proiektu berriengatik ordezkatuko dituzte.