Gero eta gutxiago dira Legazpiko Erraldoien eta buruhandien konpartsako kideak eta gero eta jende premia handiagoa daukate Gogoa baino ez dela behar dio Mikel Alonso LEK-eko kideak.
Sei dira Legazpiko Erraldoi Konpartsa osatzen duten erraldoiak. Mikele eta Mikel txistulariak zaharrenak dira, denboraren poderioz hondatu ziren eta berritu zituzten lehengoak oinarri hartuta. Pakita olagizonaren andrea da eta Bruno olagizona. Anttoni eta Antton baserritar bikotea dira.
Sei erraldoi eta 35 kilo inguru erraldoi bakoitzeko. Kilo horiek guztiak zamatzeko trebatu egin direla dio Mikel Alonso LEK-eko kideak, «trebatu eta ohitu». Legazpin jaietako erraldoien gaineko lehen dokumentazioa 1954koa da. Ordutik atera dira. Garai batean Manuel Uribetxeberria
Jalisko arduratzen zen
, harengandik hartu zuen Mikel Alonsok lekukoa, «13 urterekin buruhandiekin hasi nintzen eta Jalisko hiltzean nik hartu nuen ardura». 26 urte igaro dira.
Ardura hori zehazki zertan datzan aletu du, «erraldoiak zaindu, arropak konpondu, udaletxetako bileretara joan eta erraldoiak eraman». Buruhandiak aipatu ditu, horien gaineko zeregina ere euren esku dago, «haurrak aukeratu edo zozketa egin eta haiek prestatzen ditugu». Alonsok buruhandiei lotutako erritua ederki azaldu du: «Haur txikia zarela beldurtzen zaituzte eta nerabezaroan zeu zara buruhandi, eta zuk izutzen dituzu txikiak». Erantsi du, hala ere, «buruhandiek egungo haurrak gero eta gutxiago ikaratzen dituzte».
Festetako alardea
Aspalditik Agorreko Santikutzetan egiten dute erraldoi alardea, «maiatzeko Santikutzetan ekintza gehiegi pilatzen zen. Guretzat aukera hobea da iraileko festa hauek herrikoiagoak direlako». Añorgako (Gipuzkoa), Ba- rakaldoko (Bizkaia) eta Igantziko (Nafarroa) konpartsak etorriko dira. 20 bat erraldoi izango dira kaleetan eta, kanpotik badatoz, legazpiarrak kanpoan izan direlako da; lanerako, hala ere, gero eta jende gutxiago dago.
Gaur-gaurkoz zazpi lagun eta hasi berri den zortzigarren bat lanean ari dira LEK-en, «justu samar gabiltza eta laguntzaileak beharko genituzke». Norbaiti gogoa sortuko balitzaio hori baino ez dela behar azpimarratu du Alonsok, «gogoa, bestelako misteriorik ez dauka, ez dago ezer jakin beharrik». Hauspoa zein den ere nabarmendu du: «Kriston ilusioa egiten du umeak pozik ikustea, haien aurpegiengatik soilik merezi du».
LEK-en egungo egoitza garai bateko ekonomatoa da eta Legazpira sartzerakoan hango erakusleihora begiratuz gero, beira-zuntzez egindako buruhandiek harrera egiten diete bertakoei zein bisitariei. Erakusleihoan, ordea, ez dira nor. Buruhandiek eta erraldoiek kalea behar dute eta kalean izan daitezen nork eraman behar dute. «Jaietan aterako ez bagina haurrek faltan sumatuko gintuzkete, areago, egunero ateratzea eskatzen digute». Ba al dago erraldoirik eta buruhandirik gabeko festarik irudikatzerik?