Ikastaro eskaintza zabala luzatu du Legorretako Udalak herritarrentzat
Iraila eta urria bitartean hasiko dira kultur lantaldeak osatutako ikastaro eskaintza. Euskara, yoga, zumba eta pilates ikastaroak dira aukerak. Izena emateko epea zabalik dago guztietarako
Ikastaro eskaintza zabalarekin hasi dute opor ostea Legorretan. Herri txikia bada ere, urrutira joan gabe, herritarrek aisialdiaz gozatzeko edo arlo desberdinetan trebatzeko aukera izango dute. Yoga, zumba, pilates eta euskara ikastaroak dira iraila bukaeran eta urriaren hasieran hasiko direnak. Legorretako Udalak, kultur lantaldearen laguntzarekin antolatutako ikastaroak dira.
ZUMBA
Antolatu dituzten guztien artean zumba ikastaroa izango da lehenengo hasiko dena. Klaudia Nolan irakaslearekin, gorputza mugitu eta ariketa egiteko modu oso dibertigarria izango dute. Irailaren 20an ekingo diote eta izen-emate epea jadanik zabalik dago. Horretarako, Legorretako liburutegira gerturatu beharko dute interesa dutenek edo 645 558 687 telefonora deitu. Bertan luzatuko dira baita ere, ikastaroaren inguruko xehetasunak.
PILATES
Pilates ikastaroa ere badago ikasturte berriarako eskaintzaren barruan. Goizez eta arratsaldez antolatu ahalko dira klaseak, izena ematen duten pertsonen arabera. Ikastaroak, astelehenetan eta asteazkenetan gauzatuko dira eta hiru talde osa daitezke; 09:00etatik 10:00etara, 18:30etik 19:30era eta 19:30etik 20:30era. Irailaren 24an ekingo diote ikasturteari eta ekainaren 19ra arte iraungo du. Prezioari dagokionez, 35 euro ordaindu beharko dira hilabetero.
Izen-ematea zabalik dago irailaren 19ra arte, kultur etxean, 16:30etik 19:30era.
YOGA
Yoga ikastaroa ere antolatu du Legorretako kultur lantaldeak. Abelina Manso izango da irakaslea. Urriaren 1ean ekingo diote eta ekainaren 17ra arte luzatuko da. Ikastorduei dagokienez, astelehenetan izango dira klaseak, 18:00etatik 19:30era izango dira. Prezioari dagokionez, 30 euroko kuota ordaindu beharko da hilabetero.
Izena emateko kultur etxera gerturatu beharko dute ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek. Horretarako epea irailaren 21ean amaituko da.
EUSKARA
Euskara maila desberdinak dituzten herritarrei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte. Ordutegi eta modalitate desberdinak daude, pertsona bakoitzaren beharren arabera. Horren guztiaren inguruko xehetasunak Legorretako udaletxean galdetuta argituko dira. Matrikulazio epea datorren irailaren 21ean amaituko da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.