Urteko ohiko itxura hartuz, berriz ere udazken produktuak hasi dira nagusitzen eguraldi zoragarriarekin burutu den ferian; Gozatu eztia ere ekarri dute laugarren urtez.
Poliki-poliki hasiko gara produktuen zerrenda eraberritzen. Luzez iraungo dute udako produktuek oraindik, batez ere negutegiei esker, hala nola, tomate, piper, berenjena edo itsas udare, kuiatxo, leka eta abarrek; baino ia udazken-negurako prestatzen hasi behar duguneko lehen seinaleak iristen hasiak dira. Babarruna, esate baterako, geroz eta gehiago dago eta bereziki beltzari begira dago jendea. Hau da estimazio eta prezio handiena duena (13-14 euro kiloa, aletuta), errentagarriena, beraz, esan daiteke; eta emankortasunari dagokionez diferentzia nabarmena da tokitik tokira. Bestalde, lehen brokoliak ere salgai zituen Ataungo Lurdes Zurutuzak (1-2 euro alea). Urteko kalabazak ere hasita daude, kiloa 2-3 euro artean.
Kontserbak egiteko ohiturari eusten dionak, berriz, ederki daki garaia dela. Udare tomatea (0,58-0,70 euro kiloa) eta Najerako piperra (0,75-1,5 euro) plaza inguruko postuetan hasi dira ekartzen. Hemengo postuetan piper morro eder askoak, mamitsuak eta ondo gorrituak ikusten dira, kiloa 2,5-3 euro artean.
Loreetan ere izango dugu zer esana hemendik aurrera, momentuan ziklamena hasi dela aurreratu daiteke: txikia 3,8 euroan, eta handia 6,5 euroan.
Mikologia atala, berriz, urri onddoz orain artekoan (hemengo kilo bakarra 30 euroan) eta kanpotik inguratutakoak, 100 kilo, 20-28 euro artean. Hemengo esnegorri gutxi batzuk (2 kilo 20 euroan bakoitza) eta saltsa perretxiko beltza, zizahoria eta gibelurdina atzoko aukera osatuz.
Erleak eta erlezainak
Joan zen astean hasi zuen Jon Etxeberriak Gozatu eztiarekin bere 4. denboraldia Ordizian. «Udaberri zaila joan da, hezea eta hotza luzez, gainera umea botatzeko joera izan dute eta erlauntzak indarra galtzen du. Zailtasunak zailtasun gustura lortu dugunarekin». Hemengo erle beltzarekin ari da lanean Etxeberria, eta hamaika ezti mota biltzen ditu. Atzo salgai: erromeroa, erromeroa eta ezkaia, akazia, Araba mendiko milalorea eta Nafarroako udako milalorea. Baita polena, jalea eta propolia ere. Aurten, gainera, ziurtagiri ekologikoa lortu du. Hala, dagozkion kontrol neurri guztiak pasatu eta produktu honek kutsatu gabeko inguruko jatorria duela egiaztatzen da (industria gunerik, errepide handirik edota produktu kimikoa erabiltzen duten lur eremurik ez gertu, tentsio handiko argi kablerik ere ez). Astero plazan izango da hemendik aurrera eskaintza bukatu artean.