Jai giroa nagusituko da asteburuan Legazpin, Agorreko Santikutzetan
Bertako eta erraldoi gonbidatuen presentzia nabarmena izango da. Sukaldaritza lehiaketak inoizko parte hartzerik handiena izango du. Gorostiagan erromeria dago igandean
Agorreko Santikutzak, Legazpiko festa txikiak dira, baina handiak dira bertakoentzat. Izan ere, legazpiar askok maiatzeko Santikutzak beste gozatzen dituzte. Bihar hasiko dira eta igandera arte luzatu. Aurten ez da txosnarik egongo eskaririk ez delako egon, jaiak, halere, kaleetan eta plazetan bizi ahalko dira eguraldiak ez badu trabarik egiten.
Hasteko, bihar haurrek bizikletan kaleak hartuko dituzte. Jarraian, Legazpiko sei erraldoiak aterako dira biharamunean egingo duten erraldoi alardearen iragarle. Bertsolariek ere kaleak hartuko dituzte eta kalejiran ibiliko dira bertsoz bertso.
Gauean Kantu Afaria izango da Gernika plazan. Kantaldia 21:30ean hasiko da. Aurretik Txakel Urartek prestatutako argazki bildumaren emanaldia egingo dute, 21:00etan. Kantu afarian gonbidatu berezia izango dute oraingoan ere eta beste kantariekin batera abestuko dute Alaitasuna errondailako kideek. Ogitarteko salmenta 21:15etik aurrera egingo dute eta edatekoak ere izango dira.
Egunari amaiera emateko Lekittoko Deabruak taldeak perkusio eta suzko ikuskizunarekin beteko dituzte kaleak.
Sukaldariak larunbatean36. ekitaldia du Agorreko Santikutzetako Sukaldari Lehiaketak eta aurtengoan inoiz baino talde gehiagok izena eman dutela adierazi dute Legazpiko kultur etxetik. Hamasei talde arituko dira bakailaoz betetako piperrak tomate saltsan prestatzen.
Aurretik bola txapelketa eta haurren duatloia izango dira. Goizean 20 bat erraldoi aterako dira kaleetara LEK konpartsako kideek antolatutako Erraldoi Alardean. Nafarroatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik bertatik espresuki iritsitako konpartsek kalejira egingo dute eta Legazpiko sei erraldoien ondoan dantzatuko dira; arratsaldean ere aterako dira.
Sukaldaritza lehiaketaren sari banaketa eguerdian, eta arratsaldean kirola nabarmenduko da, hain zuzen, saskibaloi eta atletismo lehiaketak daude.
Arratsaldeko dantza emanaldia eta gaueko dantzaldia Euskal Herria plazan izango dira azkenean.
Igandean Gorostiagara begira jarriko dira jaiak eta urtero bezala han erromeria egingo dute. Erromeriak meza, hamaiketakoa eta Goiz Deia taldeko kideen txistuen doinuak hartuko ditu.
Aurtengo Agorreko Santikutzei amaiera emateko zirku ikuskizuna aukeratu dute antolatzaileek. Hori ere Legazpiko erdiguneko kaleetan izango da.
Asturiasko dantza taldea, Korostiren eskutik Asturiasko Siero-Argüelleseko dantzarien emanaldiarekin gozatu ahalko dute legazpiarrek etzi. Asturiasko taldearen bisita Korosti dantza taldeak egiten dituen trukeen emaitza da. Aurreko ekainean egon ziren Korostikoak han eta Oviedo hiriburua ere bisitatu zuten. Larunbat goizean iritsiko dira dantzariak eta igandean itzuliko dira Asturiasera Mirandaolako burdinola ikusi eta gero.
Aurreko asteburuan ere kanpoan ibili dira Korostikoak. Alacanten egon dira eta han «sekulako harrera ona» izan dutela adierazi dute. Mariolako mendizerran dagoen Agres herrian izan dira. Alacanteko dantza taldeak Hegialdeko jaietan parte hartu zuen eta Korostikoen bisita haren trukea izan da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.