Mota desberdineko sei garagardo dastatzeko aukera izango da Aldapa Haundik antolatutako 11. garagardo azokan. Los Pies del Gato taldearen kontzertua antolatu dute ostiral arratsalderako
Garagardozaleek hitzordu polita dute asteburuan Legorretako plazan, larunbaterako, hilak 15, Legorretako 11. Garagardo Azoka antolatu baitute, Aldapa Haundi elkartearen eskutik. Mota desberdinetako garagardoak dastatzeko aukera egongo da beraz.
Azken urteotan, Goierriko hainbat herritan antolatzen dira garagardo azokak. Tiradizo handia duten ekintzak dira. Kontsumitzaileek merkatuan aurki ditzaketen garagardoen eskaintzak ere nabarmen egin du gora eta horren erakusle da baita ere, asteburuan Legorretan antolatu duten azoka.
Sei garagardo aukeran
Esperientzia badute Legorretan garagardo azokak antolatzen eta aurtengoan ere eskaintza oparoarekin datoz. Sei izango dira dastatu ahalko direnak. Euskal Herrian artisau eran ekoitzitakoak dira batzuk eta nazioartekoak beste batzuk. Horiak, beltzak eta tostatuak ere egongo dira aukeran. Prezioari dagokionez, pitxarrak euro bat balioko du. , berriz, 3,5 euro. Alkoholik gabeko garagardoa eta freskagarriak ere izango dituzte nahi dituztenentzat.
Azoka larunbatean egingo badute ere, ostiralean ere izango da garagardoak dastatzeko aukera. Los Pies del Gato taldearen kontzertua antolatu du Legorretako Udalak, 19:00etarako. Horregatik, azokako barra ere irekiko dute.
Larunbatean, berriz, 18:00etan irekiko dute barra, eta 20:00etatik aurrera emango dituzte afariak. Musika ere izango da azoka girotze aldera.
Legorretako garagardo azoka antolatzearen helburuetako bat, euskal presoei elkartasun keinua egitea izango da.