Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute Mugikortasun Astean
Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea da datorrena. Bizikletak, osagarriak eta patineteak saldu nahiz erosi ahalko dira. Legazpin Haurren Bizikleta Martxa izango da irailaren 18anMugikortasun Jasangarriaren Astearen atarian, Goierri garaiko Legazp...
Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea da datorrena. Bizikletak, osagarriak eta patineteak saldu nahiz erosi ahalko dira. Legazpin Haurren Bizikleta Martxa izango da irailaren 18an
Mugikortasun Jasangarriaren Astearen atarian, Goierri garaiko Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako Udalek, Uggasa garapen agentziaren bitartez antolatu duten bigarren eskuko bizikleta azokaren berri eman dute. Azoka datorren astean egingo dute. Irailaren 17an, astelehena, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan 11:00etatik 20:00etara eta irailaren 18an ordutegi berean Legazpiko Euskal Herria plazan.Bizikletak astearen inguruan antolatu dituzten ekintzen protagonistak izango dira. Azokaren leloa da Zure BIZIkletari BIZItza eman! Txirrinduak, osagarriak haurrak eramateko aulkia, gurdiak, saskiak… eta patineteak saltzeko eta erosteko aukera izango da.
Salmenta egin nahi dutenek gaur eta bihar 943 72 45 04 telefonora deitu dezakete 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Bestela, azoka egunean bertan salgai ipini nahi dituzten bizikletak eta osagarriak eraman ditzakete 11:00etatik aurrera. Antolatzaileek salgai jarriko diren bizikleten azterketa egingo dute eta saltzailearekin batera haren prezioa finkatuko dute, salmentaz ere arduratuko dira eta zerbitzu hori guztia doan eskainiko dute.
Bizikleta martxa
Legazpin azokaz gain Haurren Bizikleta Martxa egingo dute hilaren 18an, asteartea. Badira jada urte batzuk ekintza antolatzen dutela. Eguraldiak parte hartzea baldintzatu dezakeen arren, iaz 90 bat lagunek egin zuten Laubide eta Mirandaola arteko bidea. Kopuru horretan ez da sartzen haurrei laguntzen doazen helduak.
Martxa 18:00etan aterako da Laubidetik eta Euskal Herria plazan amaituko da 19:00etan. Parte hartzaileek mokadutxo bat izango dute zain. Zozketa bat ere egingo dute, bakoitzari zenbaki bat banatu eta 20 bat oparitxo banatuko dituzte, tartean, txirrinduetarako txirrinak eta argiak.
Horrez gain, Legazpiko sarreretan informazio panelak jarriko dituzte ibilgailuetako gidariak herrigunetik igaro beharrean kanpo aldetik joatera animatzeko, hain zuzen kutsaduraren kontrako lanean mesedegarria dela azpimarratuko dute.